GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arabako ikasleek urriaren 11n ertzainek gazte baten kontra egindako erasoa salatu dute

Gasteizko ikasle mugimenduko kideek argi daukate: «Urriaren 11n, greba egunean, lortutako emaitzak onak izan zirela inongo zalantzarik ez dugu». Hala ere, Ertzaintzak eta Campuseko segurtasuneko langileek izandako jarrerak ilundu egin zuten aipatutako emaitza.

p024_f02_199x116.jpg

Ion SALGADO |

Gasteizko campuseko ikasle mugimenduko kideek urriaren 11n, ikasle greban, Ertzaintzak eta campuseko segurtasun langileek izandako jarrera salatu zuten atzo. Ikasleek adierazi zutenez, autonomia erkidegoko poliziek ikasle bati lepotik gogor heldu zioten fakultate batean, markak utziz.

«Gazteak lepotik heldu zion ertzainari identifikatzeko eskatu zion arren, honek bere identifikazio zenbakia kendu eta identifikatzeari uko egin zion», azpimarratu zuten Eñaut Iparragirrek eta Maddi Ane Txoperenak, ikasle mugimenduko bozeramaileek, Gasteizko campuseko Ikasgelategian egindako prentsaurreko batean. Halaber, bildutako ikasleek salatu zutenez, erasoa ikusi ondoren hurbildu zen beste gazte bati NAN kendu zioten ertzainek.

Baina EAEko poliziek egindako erasoak ez ziren campusera mugatu. Iparragirrek eta Txoperenak gogoratu zuten bezala, ertzainek bere oldarkortasuna agerian utzi zuten ikasleek goizean zehar antolatu zituzten ekintzetan. «Unibertsitateko piketeak bukatu ostean, eguerdiko manifestazioaren aurretik, inolako arazorik gabe burutu zen eserialdia bukatzean, poliziak oldartu eta hiru ikasle identifikatu gintuzten arbitrarioki eta modu bortitzean», azaldu zuten.

Halako kasuak errepikatu ez daitezen, gazteek Iñaki Goirizelaia EHU-UPVko errektorearekin bilera bat izan nahi dutela jakinarazi zuten. Horrez gain, «identifikatu ez, mehatxu egin eta kolpeak banatu zituen Ertzaintzaren aurka» salaketa jartzeko bidea abiatu dute ikasle mugimenduko kideek.

Grebaren jarraipena

Grebaren balorazioari dagokionez, ikasleek jarraipena ia erabatekoa izan zela nabarmendu zuten, «irailaren 26an burututako greba orokorrean izan zen bezala». Gaineratu zutenez, «hau ikusita, uste dugu, oso argi dagoela ikasleok ez gaudela prest, ez hezkuntzan, ez beste inon eragingo duen murrizketarik onartzeko!». Beraien iritziz, ikasle greban, Ikasgelategian eta Farmaziako Fakultatean ikasle batzuk sartu baziren ere, «gehiengo izan ginen piketeetan egon ginenok eta fakultate guztiak hutsik egon ziren».

Lekurik gabe

Urriaren 10ean ikasle mugimenduko kideek ikasgela bat irudikatu zuten Ikasgelategi ondoan dagoen errepide batean. Mahaiak eta eserlekuak erabiliz, zenbait klasetan ikasle guztientzat lekurik ez dagoela salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo