Aurrez aurre Oslon, berriz ere Oslon
Kolonbiako Gobernuaren eta FARC gerrillaren talde negoziatzaileak mende erdiko gatazka armatuari akabera emateko elkarrizketa zuzenak abiatu zituzten atzo, Norvegiako hiriburu den Oslon abiatu ere. Negoziaziorako printzipio eta prozedurak aurrez adostuta, eta edukien gaineko negoziazioak Kubako Habanan jarraipena izango duela kontuan hartuz, Norvegiako tarteko helmuga honek balio sinboliko handia du. Izan ere, Oslo ageri da berriz ere, israeldarrek eta palestinarrek sinatu zituzten akordioetatik hogeita hamar urte geroago. Guatemalako gobernuak eta URNG gerrillak 1990ean egin zuten legez. Filipinak, Zipre, Sudan, Indonesia... ezinezkoak ziruditen bake akordioen eraikuntzan Norvegia izan baita nazioarteko komunitateko kiderik inplikatuena. Pazientzia, zentzutasuna, neutralitatea, dirua, prestigioa... bere ekarria azpimarragarria izan da. Haren azpiegiturak, neutralitate aktiboa eta diskrezioa konfiantza eraikitzeko gai izan dira, gutxienez, negoziazio prozesuak errazteko lain. Diplomaziaren munduan ezaguna da sekretupean zerbait negoziatu nahi bada, hegazkina hartu eta Oslon lurreratuz gero, beste inon gaitz lor daitezkeen baldintza eta bermeak aurkitu daitezkeela.
Norvegian aurrez aurre dira etsai izandakoak. Bakerako, baina, eskuz esku ere aritu beharko dira. Eta beti-beti, Kolonbiako herritarrak negoziazioaren lehen hartzaile eta azken berme hartuta.