Bidasoaren bi aldeetan, alzheimerraren tratamendurako elkarlana garatzen
Idoia ERASO |
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak alzheimer gaitzaren gaineko jardunaldia egin zuten asteazkenean Hendaian. Profesionalei eta elkarteei zuzendutako jardunaldia izan zen. Herrialde Mugakideen arteko 2011-2015 hitzarmenaren barnean, alzheimerraren gaineko elkarlana garatzeko lanean ari direla nabarmendu zuten bi erakundeek.
«Alzheimerra pairatzen duten pertsonak laguntzeko era ezberdina da Bidasoaren bi aldeetan. Beste aldean dagoena ezagutu nahi dugu, eta esperientzia ezberdinetan parte hartu», azaldu zuen Kotte Ecenarrok, Kontseilu Nagusiko lehendakariorde eta Elkartasun Arloko arduradunak.
Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek honakoa gaineratu zuen: «Administrazioetako mugak alde batera utzita, topaketa honen helburua kultura eta herrialde baten gaineko sentimendua partekatzen duten herritarren beharrei aurre egitea da».
Alzheimer gaitzaren prebentzioan adimena etengabe lantzeak duen garrantziaz mintzatu zen Ecenarro, eta eremu horretan Gipuzkoan egiten den lana laudatu zuen: «Jendeak alzheimerra izan baino lehen neuronak landu behar dira. Gipuzkoan egitura oso bat dago horretarako, adineko jendea ikuskizunetara eramaten dituzte eta beste zerbitzu asko eskaintzen dira. Hemen errazki ezar daitezkeen zerbitzu batzuetarako pistak dira».
Gipuzkoako Aldundiko Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako zuzendari nagusia den Txelo Perezek elkarlanaren abantailak nabarmendu zituen: «Eguneko zentroei buruz eta momentuko ikerketei buruz hitz egiteko eskatu digute. Guk ere ikusi nahi dugu hemen nola egiten diren gauzak, zeozer ikasiko dugu».