GARA > Idatzia > Kultura

Beldurrezko Asteak europar kutsu nabarmena izango du XXIII. edizioan

Zinema jaialdia urriaren 27tik azaroaren 2ra arte ospatuko da, eta film berriak zein aspaldikoak ikusi ahal izango dira. Sail Ofizialean 22 film proiektatuko dituzte, eta bik izan ezik denek parte hartuko dute lehiaketan. Euskarazko zinemak ere badu lekua. Euskaraz emango dituzten bi pelikulez gain, jaialdian ikusi ahal izango diren beste zortzi jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte euskarazko azpitituluekin. Beste inon ikusiko ez diren filmak izango dira Donostian.

p052_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko egitaraua aurkeztu zuten atzo Victoria Eugenia antzokian. Aurtengo edizioan, hogeita hirugarrenean, Europako zinema izango da nagusi, eta zenbait film ikusteko aukera bakarra eskainiko du jaialdiak, urriaren 27a eta azaroaren 2ra bitartean.

Nerea Txapartegik, Kultura eta Euskarako Donostiako zinegotziak, azaldu zuenez, Sail Ofizialean 22 film proiektatuko dira, horietatik hamar europarrak. Gainera, film laburren atalean ere, 17 pelikuletatik 13 Europatik iritsi dira, Estatu espainoleko film laburren atalekoak kontuan hartu gabe.

Euskarazko zinemak ere presentzia izango du jaialdian. «Ohe azpiko zera» film laburra eta «Freddy igeldegi» haurrentzako pelikulaz aparte, beste hamar film jatorrizko bertsioan emango dituzte euskarazko azpitituluekin, hala nola, «Marrazoa» eta «Etorkizunera itzultzea» klasikoak, edo «Argiak itzali zirenean» eta «Sushi hilgarria» lan berriak.

Josemi Beltranek, Donostia Kulturako Zinema unitateko arduradunak, pantailetan ikusi ahal izango dugunaren xehetasunak eman zituen. Sail Ofizialaren barnean, inaugurazioan Scott Derrickson zuzendariaren «Sinister» filma emango dute, beldur generoaren maitaleen artean urteko estreinaldi irrikatuenetako bat (zinema geletara urriaren 31n iritsiko da). Honekin batera, Beltranek Noomi Rapace aktore suediarra protagonista duen «Babydoll» edo «Insensibles» gomendatu zituen: bata, ama izan berri den emakumen baten obsesioen ingurukoa; eta bestea, Gerra Zibila eta fantasia uztartzen dituena. «Ace Attorney» japoniarrari buruz esan zuen azkenaldian egin den bideojoko baten moldaketarik onena dela, eta ikustea merezi duen beste bi film aipatu zituen: «The ABC's of death» eta «VHS», zuzendari ugarik egindako atalez osatutako pelikulak.

Lehiaketatik kanpo bi film besterik ez daude. Richard Voguek «Serie B» pelikula aurkeztuko du, izenburuan aipatzen den generoaren ezaugarriez beteta dagoena. Klausurako filma ere lehiaketaz kanpo dago, «The tall man», alegia. Partaide guztiak epaitzeko arduradunak Leticia Dolera aktorea eta Borja Crespo bilbotar eta Srdjan Spasojevic serbiar zuzendariak izango dira.

MENDEURRENA

Universal ekoizpen etxearen eta Victoria Eugenia antzokiaren ehungarren urteurrena ospatzen denez, biek bat egin dute 1931 eta 1985 urte bitarteko sei film eskaintzeko.

Zinemaz gain, gaiarekin lotura duten hainbat ekintza hiri osoan zabalduko dira

Beldur Astea ez da Antzoki Zaharrera eta Victoria Eugeniara mugatzen; Donostia osoa hartuko du. Okendo Kultur Etxeak Drakula pertsonaiaren inguruko zikloa prestatu du, «Banpiroen erregea» izena duen erakusketa barne. Hirian bestelako erakusketak ere izango dira: Santiago Lorenzoren «Jostailu denda» Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, Luis Royo ilustratzailearen «Malefic Time - Apocalypse» Fnac dendan, eta Santiago Valenzuelaren lanak biltzen dituen «Euskadi Fantastikoa» erakusketaren zortzigarren edizioa Principe zinemetan. Nekrogunek, gainera, jaialdiari hasiera emateko «Nekrobira» antolatu du. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo