GARA > Idatzia > Ekonomia

Elikadura burujabetzaren aldeko aldarria kalera atera dute euskal nekazariek

Etxalde Euskal Herriko nekazari elkarteak batzen dituen mugimenduak deituta, ehunka baserritarrek eta hainbat eragile sozialek manifestazioa egin zuten atzo Bilbon elikadura giza eskubidea dela aldarrikatzeko.

p024_f01.jpg

GARA | BILBO

«Elikadura herritarron eskubidea» lemapean kalera atera ziren atzo ehunka baserritar eta zenbait gizarte eragile, hain zuzen, elikadura osasungarria herritar ororen eskubidea dela aldarrikatzeko. Artalde batek eta zenbait traktorek gidatu zuten Jesusen Bihotza plazatik Arriaga plazarainoko ibilbidea. Bukaeran, Euskal Herriko lehengaiak oinarri izango dituen elikadura burujabetza defendatu zuten.

Etxalde kolektiboaz gain, EKA kontsumitzaile elkarteak, EHNE, ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek eta Alternatiba eta Amaiur alderdi politikoek ere eman zioten sostengua mobilizazioari. Maite Aristegi Amaiur koalizioko diputatua zegoen pankarta zeramatenen artean. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Oskar Matute Alternatibako ordezkaria ere izan ziren manifestazioan.

Atzean, ehunka baserritarrek euren aldarrikapenak agertzen zituzten kartelekin egin zuten bidea. Besteak beste, elikadura ez dela merkantzia hutsa edota espekulaziorik gabeko elikadura baten aldeko leloak entzun ziren protestan.

Ardura politikoa

Manifestazioa amaituta, Etxalde kolektiboak elikadura eskubide unibertsala dela nabarmendu zuen. Ildo horretan, gaur egun elikadura espekulaziorako merkantzia bihurtu dela salatu zuen eta indarrean dagoen sistemak nekazaritza industriala bultzatzen duela baieztatu zuen.

Horregatik, herri guztiek euren nekazaritza- eta elikadura- politikak garatzeko eskubidea dutela defendatu zuten, «kalitatezko elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko aukera» emanez.

Baserritarren izenean, Arantxa Arrienek hartu zuen hitza eta mobilizazioaren izaera soziala nabarmendu zuen. «Protesta ez du diru gehiago eta laguntza gehiago eskatzen duen baserritar kuadrilla batek egin», baieztatu zuen. Deialdiaren atzean, elikaduraren inguruko ardura gizarteratzea helburu duten eragile sozialak ere badaudela adierazi zuen.

Era berean, kalitatezko elikadura bermatzeko «ardura politikoa» beharrezkoa dela berretsi zuen. Egungo krisi ekonomikoaren aurrean, nekazaritzak lanpostu asko sor ditzakeela uste du Etxaldek eta Euskal Herriak kontsumitzen duenaren %5 bakarrik ekoizten duela kontuan hartuta, sektoreari bultzada emango dioten diru laguntzak banatzeko eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo