GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Analisia | Julen Zabalo, soziologoa

Hauteskundeetako logika tematiak (Gipuzkoa eta Donostiako «porrotaz»)

Zenbakietan oinarritutako analisia eskaintzen du Julen Zabalok, igandeko hauteskundeetatik atera ez den ondorio bat nabarmentzeko: historikoki, EAEko herritarrek EAJ egoki ikusi dutela Lakua gobernatzeko, baina ez hainbeste foru eta udal erakundeak kudeatzeko. Kontrakoa gertatzen da, aldiz, EH Bildurekin.


Gauza jakina da, eta txiste eta pasadizo askotarako ematen duen gaia da, hauteskunde emaitzak modu askotan uler daitezkeela. Esaten denez, hurrengo egunean mundu guztiak irabazi duela ematen du. Baina erabilera horretatik at, bada zer ikasi datuetatik, eta zein gutxitan egiten den ariketa hori, ordea! Kasu apur bat eginez gero, konturatuko ginateke gaian adituek behin eta berriro errepikatzen dutena, hauteskundeetan joerak, tradizioak eta ohiturak daudela, eta oso zaila dela horietatik aldentzea.

Hau dena igandeko hauteskundeen inguruan egiten ari diren irakurketa askoren harira dator. Bakoitzak nahi duen interpretazioa egin dezake, noski, baina egiatzat jotzen diren hainbat argudiok ez dute inolako frogarik. Esaterako, krisi ekonomikoaren eragina botoa ematean edota boterean egoteak dakarren desgastea. Argudio erabiliak eta ustez pisutsuak ei dira, baina zer froga dago hori esateko? Boterean dagoenak errepikatu egiten duela ere esaten da, adibidez. Argudioa, hortaz, ahula da: batzuetan desgastatu eta besteetan indartu egiten du boterean egoteak, eta hortaz, ez du balio arrazoi gisa.

Azkeneko egunotan egin diren halako hiru interpretaziotan erreparatu nahiko nuke, zenbait datu ekarrita (Jaurlaritzarenak kasu honetan) eta hauteskundeen logika mahaiaren gainean jarrita.

1. EAJk indarra berreskuratu du hauteskunde hauetan.

Ez dut zalantzan jarriko EAJren garaipena, jakina, ezta EAJrentzat izan duen balio erantsia, hiru urtetan Jaurlaritzatik kanpo egon eta gero. Hori dena egia da, eta egia izan daiteke ere «indarra berreskuratu» duela azkeneko emaitzekin alderatuta, baina ez aurreko hauteskunde autonomikoekin alderatuta. Ikusten denez, EAren zatiketatik aurrera, EAJk gora egin zuen, eta gailurra 2001ean jo zuen. Ordutik, ordea, beheraka ari da, eta hauteskunde hauetan jarraitu du joera horrekin (portzentualki, %4 gutxiago 2009an baino).

Hauteskunde autonomikoak foru hauteskundeekin alderatuko ditugu orain, esaterako. Argi ageri da kasu guztietan autonomikoetan EAJk emaitza hobeak lortzen dituela (2003koak dira salbuespena. EAJ + EA aurkeztu ziren, baina leku batzuetan EAJ bakarrik). Izan ere, bada joera historiko bat esaten duena EAJk boto gehiago ateratzen dituela Gasteizko Parlamenturako Espainiako edo foru eta udal hauteskundeetan baino. Begira ditzagun datuak.

2. Gipuzkoan Bilduk emaitza txarrak atera ditu.

Gipuzkoan EH Bilduk ez ditu atera emaitzarik onenak, argi dago, baina portzentualki gutxiago jaitsi da (%3) EAJ 2009tik hona baino (%4, ikusi dugunez). Hala ere, EAJk indartsu berreskuratu omen du boterea, eta Gipuzkoako EH Bilduk boterean izatearen desgastea jasan du. Begira ditzagun azken lau hauteskundeetako datu portzentualak, eta ikusiko dugu ez dagoela erabateko porrotik, edo zigorrik kudeaketa txarragatik, eta abar. Bide batez, ikusiko dugu emaitzarik onenak ez direla, halabeharrez, Espainiako hauteskundekoak, hor parte-hartze handia izan baitzen. Boto kopururik handiena hor aterata ere, portzentualki foru eta udal hauteskundeetan lortu zen. Oraingo datuak azaltzeko, kudeaketa txarra aipa daiteke, baina ez da benetan islatzen datu horietan. EAJren datuekin alderatuta, ikusten da honek autonomikoetan izan ohi duen gorakadak ia harrapatzen duela EH Bildu.

3. Donostiako kudeaketak boto galera ekarri du.

«Zer egin ote dut txarto» esanez imajina dezaket Donostiako alkatea, portzentualki %2 galdu duelako urte batean. Edo agian EAJk zergatik irabazi duen bueltaka izango du buruan. Ez da lasai egoteko nahikoa arrazoi, baina hurrengo udal hauteskunde- etan EAJk berriro egin balu behera (nahiko gauza probablea), zer esango genuke, Gasteizko kudeaketak asko gastatu duela EAJ, eta Bilduk kudeaketa ona egin duela...

Hitz batean, hauteskundeetako logika tematiak adierazten digu EAEko herritarrek EAJ egoki ikusten dutela Lehendakaritza eta Gasteizko Parlamentu autonomikoa zuzentzeko, baina ez dira hainbeste fidatzen Gipuzkoako foru edo udal hauteskundeetan, eta are gutxiago Donostian. Aldiz, EH Bildu eraginkorrago ikusten da azken maila hauetan, eta ez, ordea, Gasteizko Parlamentuan.

Hauteskunde logikak esaten digu oso desberdina dela udal hauteskunde bat eta Espainiako Parlamenturakoa. Alderdi abertzaleek autodeterminazio erreferenduma eskatzen dutenean, batzuek historikoki erantzun dute erreferendumik ez dela behar, aldiro-aldiro hauteskunde deialdi desberdinak daudela, eta horiek islatzen dutela herritarren borondatea. Baina ez da horrela, hauteskunde mota bakoitzak bere logika gordetzen du eta. Aspaldi ohartarazi gaituzte adituek honetaz: hauteskunde mota bakoitzak bere joera dauka, eta hauteskunde motaren arabera jendeak bati edo besteari ematea erabaki dezake. Beste modu batera esanda, dena alderatu daiteke, baina lehenik eta behin mota bereko hauteskundeak hartu behar dira kontuan.

Ondo dago emaitzen harira gogoeta egitea, baina hori bezain inportantea da gogoeta ondo zentratzea: ezin da jarri kudeaketa txarra edo boterearen desgastea gai zentral modura halako emaitzak jasota. Bestalde, joera dugu pentsatzeko gauzak behar bezala egiten badira, beti gorantz egingo dugula, baina hauteskundeen logikak ezetz esaten digu, eta egia esan behar bada, denbora nahikoa izan dugu 1979tik horretaz konturatzeko!

Horrek zer pentsa ere eman beharko liguke, indar metaketaz edo aliantzez hitz egiten dugunean, ez baita argi geratzen nondik jarrai daitekeen prozesu hori. Pentsatzen dugu beste alderdi edo eragile sozial eta kulturalekin batzen jarraitu beharko dugula, benetako gehiengoa lortu arte, edo uste dugu dagoeneko lortutako aliantzek etengabe egingo dutela gorantz eta horrela erdietsiko dela benetako gehiengoa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo