GARA > Idatzia > Kultura

Rodolfo Walsh erail zuten militarrak epaituko dituzte

1977ko martxoaren 25ean, bere «Carta abierta a la junta militar» ospetsuaren azken aleak banatzen ari zela, 30 bat militarrek osatutako taldeak bortizki tirokatu eta erail zuen Rodolfo Walsh kazetari eta militante argentinarra. Hilaren 28an, hiltzaileak erruztatuen aulkian jesarriko dira.

p039_f01.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Militarrek emandako estatu kolpearen lehen urteurrena zela-eta kaleratu zuen Rodolfo Walshek «Carta abierta a la junta militar» testu ospetsua. Hainbat ale banatzeko aurretiaz lotutako hitzordura zihoala, ESMAko (Escuela Superior de Mecánica de la Armada) 30 militar inguruk osatutako talde batek tiroka hil zuen Buenos Airesen, hilotza ESMAren egoitzara eraman zutelarik. Azaroaren 28an, 67 genozida jesarriko dira erruztatuen aulkian, tartean Walsh erail zutenak.

Kazetari militantea

Rodolfo Walsh Patagoniako Rio Negro probintziako Choele-Choel herrian jaio zen, 1927ko urtarrilaren 9an, irlandar jatorriko familia batean. 17 urte besterik ez zituela, zuzentzaile lanetan hasi zen argitaletxe batean: bertan agertu zitzaion kazetaritzarekiko grina. Bitartean, nobela beltza jorratzen hasi zen («Diez cuentos policiales», 1953; «Cuento para tahúres y otros cuentos policiales», 1987).

1955ean, Aranburu jeneralak eta Rojas amiralak kargutik kendu zuten Peron presidentea. Horrela, peronismoa hemezortzi urtez egongo zen legez kanpo. 1956an, berriz, Tanco eta Valle jeneralak de facto Gobernuaren kontra matxinatu ziren: pairatutako errepresioa bortitza izan zen oso. Urtebete geroago hasi zen Walsh legez kanpoko fusilamentuak ikertzen: «Operación Masacre» (1957) lanarekin new journalism edo kazetaritza berriari aurrea hartu zion idazle argentinarrak; hau da, benetako gertaeren kronika batean eleberriaren baliabideak erabiltzen aitzindaria izan zen. Ildo beretik etorri ziren gerora «¿Quién mató a Rosendo?» (1969) eta «El caso Satanovsky» (1973) lanak.

1959an Kubara joan zen Jorge Masettik lagunduta -Masetti izan zen gerora Argentinan bertan Che Guevara sustengatzea helburu zuen gerrillaren sortzailea-. Bertan, Gabriel Garcia Marquezekin batera, Prensa Latina berri agentziaren sorkuntzan parte hartu zuen. Helburua Kubaren inguruko informazio maltzurrak ezeztatzea zen. Lanean jo eta ke, beraiek izan ziren Cochinos badiako inbasioaren berri ematen zuten mezuak argitu zituztenak: inteligentzia lanetan Walshek emandako lehen urratsak ziren.

Montoneroak eta ANCLA

Argentinan bueltan, hainbat agerkaritan lan egin zuen eta Montoneros ezkerreko mugimendu gerrillariarekin bat egin zuen, bertako ofiziala izatera heldu zelarik. Montoneroen hainbat ekintzetan hartu zuen parte Walshek, tartean Timoteo Vandorren hilketa. Vandor CGT sindikatuaren idazkari nagusia zen, baita militarren alde egin zuen sindikalista ustela ere. Vandor hil zuen ekintzan, Unión Obrera Metalúrgica (UOM) sindikatuaren egoitza txikitu zuten indar handiko lehergailua ipiniz. Esteban, Neurus edota El Capitán -horiek ziren bere ezizenak gerrillaren baitan-, abian zen.

Aurrerantzean, Montoneros gerrillaren informazio eta inteligentzia zerbitzuen buru zelarik, hamaika ezadostasun izan zituen taldearen gidaritzarekin. Hala ere, 1976an eta militarrek ezarritako zentsurari aurre egiteko asmoz, ANCLA (Agencia de Noticias Clandestina) eratu zuen, baita «Cadena Informativa» eskuz eskuko buletina ere. «Izuak bakartzean ditu oinarriak. Apurtu isolamendua», esaten zuen kateak.

1976ko irailaren 29an, militarrek inguratuta zeudela, Maria Victoria alabak eta bere kide Alberto Molinak beren buruaz beste egin zuten. «Ez gaituzue hilko, geuk aukeratu dugu hiltzea», esan zieten genozidei.

Kolpe latza izan zen Rodolforentzat. «Carta a mis amigos» testuan kontatu zuen gertatutakoa. Beste gutun bat, «Carta abierta a la junta militar», izan zen idatzi zuen azkena: «Buenos Aires Handian zehar ordu gutxiko ibilaldia egitea nahikoa da horrelako politika batek hiria hamar milioiko villa ezin pobreago zein azkar bihurtu duen egiaztatzeko. Ilunpeko hiria, auzo oso-osoak urik gabe industria monopolistikoek lurpeko erreserbak xahutzen dituztelako (...)». Utzi gintuen Walshek, baina mezu argia lagata: «Idazteko makina batekin eta paper batekin, jendea gradu pentsaezinean mugiaraz daiteke».

EPAIKETA

Hilaren 28an, 67 genozida epaituko dituzte, besteak beste, argentinar kazetari, idazle eta militante ezaguna erail zutenak. ESMAko 30 militar inguruk osatutako talde batek tirokatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo