GARA > Idatzia > Kultura

KaleraRock, zortzi mila eztarri urratuen aldarrikapenaren lekuko

KaleraRock jaialdiak hamaika musika talde eta zortzi mila zale erakarriko ditu Durangoko Landakora, euskal preso eta iheslarien kaleratzearen alde. Elkartasun jaialdiak bigarren edizioa du aurtengoa, eguerditik goizaldera luzatuko dena. Azken orduan jakitera eman dutenez, MCD taldeak eta Jo ta Txo DJak Arkada Social eta Bull DJa ordezkatuko dituzte, lehenak gaixorik direla-eta. Sarrerak aspaldi agortuak dira. Sarrera guztiak duela hilabete saldu ziren.

p043_f02.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Euskal Herriko makina bat herritan entzungo da gaur «gogoko tokian aldaparik ez» atsotitza, etxeko gaztetxoek batez ere Durangorako bidea abiatzen dutenean. Elur iragarpenak direla nagusi? berdin da, KaleraRocken 8.000 eztarrik egingo dute aldarrikapena. Herrira ekimena aurkeztearekin batera sortu zen KaleraRock, euskal preso politikoen eta iheslarien aldeko elkartasun jaialdia, eta urtero Durangoko Landako rock doinuz betetzea du xede, presoak gure artean izan artean bederen. «Rocka eta presoak Euskal Herriratzearen aldeko aldarrikapena ekimen batean uztartzea genuen asmoa», dio antolatzaile lanetan jo eta su diharduen Ibon Virumbralesek.

Iaz arratsaldez garatu zen jaialdia, eta arrakastatsu suertatu. «Eta ordukoan ikusi genituen akatsak zuzenduta, egun osoko egitarau bat antolatu dugu aurten, talde gehiagorekin». Eratu den jaialdiak, bistan denez, grina piztu du euskal gaztedian, eta sarrerak di-da batean agortu dira. «Buruko min gehien segurtasun kontuak eman digu», jarraitzen du Virumbralesek. Areto itxi batean garatzen den makrofesta izanda, eta besteak beste Madrid Arenako aurrekariak ikusita, antolakuntzak eguna iritsi baino lehen aurrelanak ondo eginda izan nahi zituen-eta. «Gainera, bagenekien baimen kontuekin oso zorrotz jokatuko zutela erakundeek, eta ondo zaindu dugu arriskuak ekiditea. Beraz, lehen sarrera sorta hamar egunetan agortu eta ezin izan genuen bigarren sorta bat salgai jarri aforo kontua ziurtatu arte». Azkenean, 8.000 izango dira Landakora sartzea izango duten lagunak.

Landakok 03.00etarako hustuta behar duenez -goitik dute muga-, eguerdian hasiko da festa, ateak 11.30ean irekita; «ordurako jende ugari izatea espero dugu, Londreseko kontzertuan gertatu zen bezala», dio Virumbralesek. Eta gainera, erakustazokatzarraren aldamenean, karpapean ogitartekoa jateko txoko bat ere paratuko dute, musika eta guzti, bertan jotzekoak baitira Bad Sound System eta Jo eta Txo disko jartzailea -azken hau Dj Bull-en ordez-. «Kontzertuetatik ihes egin nahi duenari gune bat eskaintzea da asmoa».

Arratsaldeko seiak inguruan egingo den ekitaldi politikoa izango da musika jaialdia etengo duen bakarra. Ordura arteko taldeak, goiz partekoak, ordubete inguru joko dute, eta iluntzetik aurrerakoek ordu eta erdi inguru. Eta ordutegiak? «Taldeen ordutegi zehatzak publiko ez egitea erabaki dugu -onartu digu Virumbralesek-, jaialdiari bere orokorrean emateko balioa. Egia da bolo-boloka dabiltzala ordutegiak, baina ez dira benetakoak». Kasu! beraz.

Badirudi baina talde batzuek beren ordutegia ezagutzera eman dutela web atarien bitartez. Kontuak honela, Gozategi, MCD, Hesian, Governors, Iheskide eta Kop katalanak izango ei lirateke goiztiarrenak, eta Kaotiko, Gatibu, Vendetta eta Betagarri iluntze partekoak. Gainera, KaleraRock ekimenaren abestia egiteaz arduratu den Exaixuk ere izango du zuzenean emateko aukera.

Zerrenda honetan ikusten denez, MCD eskarmentu handiko bilbotar punkrock taldeak joko du KaleraRocken, kideren bat eri duen Arkada Social arrasatearren partez, azken orduko aldaketak direla-eta antolakuntzak atzo iragarri zuenez. Baina oholtza gainean izango diren taldeez gain -jaialdiaren helburua agertzen omen zaie hauei ere, eta beren elkartasuna agertzen dute-, boluntarioak aipatuz agurtu nahi izan gaitu Virumbralesek. «Eguna erraz joan dadin, kasik 500 lagunen lana eskatzen du; 150 boluntarioko hiru txanda. Lan ugari da... baina merezi du!».

AZKEN ORDUKOAK

Jaialdiak azken orduko aldaketa batzuk izan ditu, bertan jotzekoak ziren musikari batzuen gaixotasunak direla-eta. Horrela, Arkada Social arrasatear taldearen partez MCD bilbotar punkrock taldeak joko du Landakon, eta Bull disko jartzailearen ordez Jo ta Txo izango da karpapeko plateretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo