GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Azkeneko finalerdiak jokatuko dira Zarautzen

J.L.

Jakina da Nazabalek eta Zubiagak Otaegiren eta Otañoren aurka jokatuko dutela Urrezko Aizkorako finala, baina Zilarrezko mailakoa zeintzuek jokatuko duten jakitea falta da oraindik.

Bihar izango dira Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan mailako bi finalerdiak, 12.00etan. Lehenengoan, Iker eta Daniel Vicente Irazabalen eta Olanoren aurka neurtuko dira. Azken hau Oihan Larretxearen ordez arituko da.

Vicentetarrak ezustean sartu dira finalerdietara, pasa den astean txapela lortzeko faboritoak ziren Larrañaga eta Mugertza III.a menderatuta. Itxura bikaina eman zuten, oso ongi prestatuta daude, eta bihar beraiek izango dira irabazteko faboritoak. Irazabal orain arte Oihan Larretxearekin aritu da, baina Berako gaztea laster Olasagastiren aurka jokatu behar duen apustua prestatzen ari da, eta beraren ordez neurtuko da Olano. Hauek ere saiatuko dira finalerako bidea egiten, baina oso zaila izango dute. Daniel Vicentek markatu behar ditu ezberdintasunik handienak. Zutik jarritako enborretan oso trebea da Otsagabikoa, eta hor bertan ere zuloa egin dezakete aizkolari nafarrek.

Beste finalerdian, Juan eta Juanillo Rodriguez Jauregiren eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dira. Segoviarrak ere ezustea emanda iritsi dira dauden lekura, eta saiatuko dira finalean sartzen, baina lan oso zaila izango dute biharkoan.

Jauregi oso ongi dabil, baita Kañamares gaztea ere. Ongi moldatzen den bikotea da, eta orain arte jokatu duten saioan, itxura oso ona eman zuten, eta zaleentzat beraiek izango dira garaipena lortzeko faboritoak.

Bi finalerdietako irabazleek datorren igandean, bihar zortzi, alegia, Azpeitian jokatuko den finalean erabakiko dute txapela zeinek jantzi, Urrezko mailako aizkolariek egin beharko duten bezalaxe. Hori amaituta, laster hasiko da bakarkakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo