GARA > Idatzia > Kultura

Dantza gertutik ezagutu nahi duenak dantzariekin bidaiatu ahal izango du

Dantzaz konpainiak Libre Destino bidaia agentziarekin lankidetza hasi du «Dantzaren bihotzeraino» proiektuari esker jende arrunta dantzariekin bidaian joatea posible egiteko. Entseguak ikusi eta beraiekin hitz eginez, euren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Dantzaz konpainiak jarraitzaileak beraiekin bidaiatzeko proiektu bat jarri du martxan. Horretarako, Iruñeko Libre Destino bidaia agentziarekin lankidetzan, ekimena abiatu du bi aldeek ikusgarritasuna irabazteko.

«Dantza bihotzeraino» izena jarri diote egitasmoari, Dantzaz konpainiaren aldetik nahi duena dantza gizarteratzea delako, eta eskainiko dituzten bidaia eskaintzek hori bideratuko dute. Fernando Saez de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendari nagusiak azaldu duenez, grupi-ek musikariak eta forofo-ek futbol taldeak jarraitzen dituzten moduan, dantzaren inguruko komunitate bat sortu nahi dute. Horretarako, konpainia joaten den tokietara bidaiak prestatuko dituzte. Bidaiariak dantzariekin batera joan ahalko dira garraiobide berean -autobusa edo hegazkina- eta beraiekin hitz egiteko aukera izango dute.

Dantzarien errutinari jarraituz, bidaiariek entseguetara joan ahal izango dute, eta haien lana bertatik bertara ezagutu, ondoren emanaldiaz gozatzeko. «Polita da, aurretik ezagutu dituzun pertsonen ikuskizuna ikusiko dutelako».

Baina eskaintza ez da hor amaitzen. Konpainia joaten den leku bakoitzean turismoa egiteko eskaintzak ere prestatuko dituzte. «Gure bezeroak ohituta daude halako eskaintza bereziak ikustera», aipatu zuen Cesar Irigoien Libre Destino bidaia agentziako ordezkariak. Hauen helburua halako proiektuekin gainerako agentzietatik desberdintzea da, pertsona batek beraien erakusleihoa edota webgunea begiratzen duenean ideia erakargarri eta bereziak ikustea.

Zehazteke

Lehenengo bidaia apirilaren 12an izango da Dantzaz konpainiak Soustonsen «Arte-an» emanaldia eskainiko duelako bertako programazio kulturalaren barruan. Oraindik ez dute egitaraua zehaztu aurreneko bidaia hori «laborategi» moduan ikusten dutelako, esperientzia hartzen duten arabera hobetzen joateko. Horregatik, oso kontuan izango dute bezeroen iritzi eta proposamenak. «Oso malguak izango gara `abenturazaleen' eskaerekin», baieztatu zuen Irigoienek, aukera hau krisiari aurre egiteko modutzat hartzen dutela gaineratuta.

INFORMAZIOA

Libre Destino bidaia agentziaren zein Dantzaz konpainiaren webguneetan jarriko dute bidaiei buruzko informazioa. Hala ere, erreserbak agentziaren bidez egin beharko dira, email edo telefono bidez.

EUSKAL HERRI OSOTIK

Dantza konpainiaren bidaiak joan-etorrikoak direnez, aukera aproposa da halako eskaintzak egiteko. Abiapuntua Donostia izango bada ere, Iruñea, Bilbo eta Gasteiztik jendea biltzeko aukera ere izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo