Kubatar erritmoz berotuko ditu Tiktara-k urteko egunik hotzenak
Lurralde beroetako erritmoak bildu ditu Tiktara taldeak «Sorrera» bere lehen diskoan. Imanol Epeldek, Julen Zulaikak eta Mikel Antzak egin dizkiete hitzak. Gaur egingo dute aurkezpen jaia Zarauzko Modelo aretoan.
Ane ARRUTI | ZARAUTZ
Ez dituzte kontzertu gehiegi eman pare bat urteko ibilbidean, baina eskaini dituztenetan giroa bero-bero jartzea lortu dute, eguraldiak gehiegi lagundu ez arren. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean izan zirenean, esaterako, ziklogenesi leherkorrak sarraski ederrak eragin zituen inguruko bazterretan. Elurra itsas mailaraino iragarri duten eguna aukeratu dute orain «Sorrera», euren lehenengo diskoa aurkezteko. Zarauzko Modelo aretoan izango da gaur, 20.00etatik aurrera, eta hotzak albo batera utzita, gerriak mugitzeko gonbita luzatu dute.
Taldekideen artean grabatu dute diskoa, entsegu lokalean bertan, eta ondoren Iñigo Egiak nahastu eta masterizatu du. Zazpi kantu bildu dituzte 45 minutuko iraupenean.
Compay Segundoren eta musika kubatarraren bertsioak egitetik euskaraz abestutako kantu propioak egiten dituen zortzikotea izateraino aldaketa asko egon dira taldean. «Hasi aurretik gidoi bat egitea pentsatu genuen. Harkaitzek taberna batean egiten zuen lan eta larunbat gauetan bisitan joaten ginenean beti berdina pentsatzen genuen: musika puta hau, denak aztoratuta, denak agresibo, ikusten duzu jendea diskoteketatik zurbila ateratzen dela... Konturatu ginen musikak zerikusi handia zuela jarrera horretan. Guk jai giroko proiektu bat sortu nahi genuen, baina aldi berean kuratiboa, jendea kontzertuetatik bibrazio positiboekin ateratzeko», azaldu zuen Danel gitarristak.
Erritmo positibo horien artean, gehienek Kuban dute jatorria, «runba, uauanco, sona, saltsarantz ere jotzen dugu, nahiz eta hau New Yorken sortu zen, immigrazio asko zegoen auzoetan», kontatu zuen Harkaitz abeslariak. «Badira jazz ukitu batzuk ere, musika afrikarra, runba kataluniarretik pixka bat...».
Hasierako gidoia forma hartuz joan zen eta pertsona baten bizitza balitz bezala planteatu zuten diskoa: Tiktara-ren jaiotza, bizitza eta heriotza, tarteko etapa ezberdinekin. Erritmoei hitzak jartzeko, berriz, hiru idazlerengana jo zuten: Imanol Epelde, Julen Zulaika eta Mikel Antza.
Mikel Antzaren «sudokuak»
Gidoiari kasu eginez, kantu bakoitza bizitzako etapa ezberdin bati dagokio. Musikariek Harkaitzek hitzik gabe abestutako doinu eta gaia pasa zizkieten idazleei. Baina Antza Lyonen preso daukatela kontuan izanda, berarekin ezberdina izan da elkarlana. «Diskorik ez ezer ezin genion bidali, ezin zuen kantua entzun. Harkaitzek `sudoku' moduko bat bidaltzen zion eskutitz bidez, silaben zenbakiekin», gogoratu zuten. «Ipar Afrikako Gnawen -petrikilo modukoak- informazioa bidali nion eta tokatzen zitzaion garaia, nerabezaroa pasa ondorengoa, eta egia esan, ezin hobe enkajatu du letra».
Zortzikotea gutxi balitz bezala, kolaborazioak izan dituzte eta Altsasuko 51 haur ere jarri dituzte kantari. Gaurkoan ere gonbidatuekin osatuko dute jaia, Esne Beltzako Xabi Solano tartean.