GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA eguraldian aditua

Asteburuan elurra

Elurra naturaren eduki aberatsenetakoa da. Ezagutu eta nozitu duten inuit eta besteak, hirutan hogeitik gora elur genero ezagutzen dituztela esaten da

Ez da iragarpena, ez. Elurretan jolasean guztiz asegaitz zebiltzan neska-mutikoei entzundako kontua da. Batek hala bota zuen: «Nik ahal banu, asteburu guzietan elurra egingo nuke». Algaratxo batzuk tarteko, erantzun anitzen artetik, honakoarekin gelditu nintzen: «Ez, tio! Elurra egitekotan, eguen-ebiakoitzetan... asteburuan gu, eguzki ederretan hona olgetan etorteko!»

Ez da plan txarra. Gero kontua izango zen, zer elur genero, non, zenbatxu eta zelako... ñabardura asko, alegia, elurra jolaserako sanoa eta egokia gerta dadin: ez itsaskorra, ez guztiz hauts eta hotza, bizkar labainkorduna... kapritxo guztiei erantzuten, benetan zaila!

Elurra naturaren eduki aberatsenetakoa baita! Gertutik eta asko, gehiegi batzuetan, ezagutu eta nozitu duten inuit eta bestek, hirutan hogeitik gora elur genero ezagutzen dituztela esan da. `Naturaren miraria' deitu zion gure fraileetan eskarmentu handiko «erreparale» txintxo batek. Eta egia da, gero eta mirariago iruditzen zait neuri ere. Jakina, erreparatu eta begiratu, ohar ttikienak ere gorde, harridura gero eta zabalagoz, halaxe ikuskatu ditut aurtengo bi elurte artista hauek. Baina, noren kargu ote elurraren etorria?, haur jolastiek nahiko luketena jakin...

Horien burutazioak aparte, badut ezkutuko dirudien ohartxo pare bat, argigarri ez bada ere, nondik norakoen martingalatxoa seinala diezagukeena. Neguan sartzear, tenporei begira, ilberri ttikiak eman zigun pista: bere 29 egunetan, urteko laburrenak noski, euritan eskas eta eguzkitan oparo portatu zitzaigun. Hain justu ere, 55 litro besterik ez (negua izanik) eta 179 eguzki ordu, negu egun laburrekikoa izanik. Inoiz ez bezalakoa, bai. Loratxoak nonahi, sahatsak pipittetan, erleak laboretan...

Iritsi da urtarrileko ilargi berri ttikia... eta, hara lehen ñabardura, baserritik ezaguna, «ostiralean abiaturiko ilargia, kontuz ibiltzekoa!»... Urtarrilaren 11n, arratseko bederatziak laurden gutxiagoan hasia: hurrengo egunetik eman zion euriari. 580 litro batu genituen mendi bizkar honetan. 4 egun euri gabekoak, ilbetearen ingurukoak, justu.

Gure aiton-amon baserriko beharretan eskarmentatuen jakinak, balio duela -edo, zuela?-... ezta?

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo