GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Barrabiletatik

Edo obarioetatik. Ez baitakit maskulino edo femeninoa den. Baina bera oso macho agertu zalea denez... Berdintsu du: hortik azpialdetik helduta irudikatu dut Espainia. Eskuak hankartera instintiboki eramaten, gerri azpiko altxorra babesteko alferrikako ahaleginean, jakin bai baitaki bestea azkarragoa izan dela eta ongi harrapatu dizkiola. Eta estu. Eta bihurritu diezazkiokeela. Eta oinazearen itzala ikusi dut haren begietan. Ez du parte nobleetan erreparatu ere egin nahi. Zertarako? Jakitun da zer dagoen han. Hatzak irmo sumatzen ditu potroen bueltan.

Printzesa ile-horiarenak dira? «Inork Errege Etxearen aurka erabili nahi banau, alferrik dabil nirekin». «Inoiz ez dut zergadun espainolen euro bakar bat ere jaso. Doako laguntza eman izan diot Gobernu espainolari eta zabalkunde handia eduki nahi zuten enpresa pribatuek ordaindu izan didate». «Eskatu izan didatenean, Gobernu espainolari eskaini izan diodan laguntza beti delikatua izan da, konfidentziala. Herrialdearen hobe beharrez konpontzen saiatu naizen unean uneko egoerak dira». «Konfiantza eta izen ona oso garrantzitsuak dira nire lanean. Handien ligan ari naiz eta oso gogorra da hor lehiatzea. Emakumea izateak, eta gainera ile-horia, gauzak are gehiago zailtzen ditu». Corinnak komunikabide bati emandako titular horiek -hotsandiko askoak batzuk- ezkutuan azpititularra dutela niri bakarrik iruditzen zait?

Luis Barcenasenak? Suitzako aurrezki kontuetan, isil-isilean, 35 milioi euro pilatzeko gaitasuna izan duen eta urte luzez Espainiako bi alderdi politiko nagusietako baten diruzaina izan den gizonak zer ez ote daki (bere koaderno famatuan zerrendatutakoaz aparte) honetaz eta beste hartaz? «Buruargia» dela esan zion epaileari. «Kabroia» jarri zioten izenordetzat lagunek. Kabroi buruargi bati beldurra izango nioke nik. Hatz luzea herriari hain tente erakusten dionarekin, kasu!

Eufemiano Fuentesenak? «Odriozolari [Atletismo Federazioko presidentea] esan nahi diot hobeto dagoela isil-isilik. Marta Dominguez `Puerto operazioan' dagoen ala ez dakien bakarra ni naiz, berak ere ez daki (...). Nik erabakiko dut noiz egin publiko, eta epaile andereari esango diot». Espainiako kirolaren idolo askoren dardararen hotsa al da hori?

Aizu, eta guk ere gehixeago estutuko bagenizkio?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo