Xabier Silveira Bertsolaria
Puntta jarrita
Bizitza eredua bera da kontsumo zentzugabe eta basatienera garamatzana, dela droga kontsumoa, arroparena, bizikletena edo berdin zait zerenaBanekien nik martxoaren 23aren aurretik Julio Soto txapeldunarekin ofizio bat bederen osatu beharra nuela. Nork daki biak izaterik ote dugun oholtza gainean Anaitasunako final Kutxatuan. Bertsolari izatearen packean dator, dirudienez, iritzi zutabeak idaztea eta, zergatik ez, beti bakarka lanean aritzeaz haratago, ofiziotan egitea ere zilegi zaigulakoan naiz.
Asteazkeneko «Berria»-n, «Hautsak Harrotzen» izenburupean, ukaezina den datu batekin plazaratu zitzaigun Julius: «Euskal herritarrak drogatu egiten gara. Euskal Herrian droga kontsumitzen da». Eta gaineratzen zuen: «Alkohola amaraunaren hari bat. Ziurrenik ez luzeena. Komunetik sudurzulo zurituekin ateratzea parrastada bat botatzea bezain arrunta da. Gogorra, baina egia». Alkoholari zutabean egiten zitzaion aipamen bakarra hau izatea ere nahiko gogortzat hartu genezake, eta ez bakarrik alkohola droga gogorrenetako eta era berean onartuenetako bat izateagatik. Edatearekiko dugun onarpenak erabateko lotura du kristautasunak eman izan dion eta ematen dion erabilera sakratuarekin.
Eta ez pentsa espainiar legediak satanizatzen dituen substantziak ontzat eta alkohola txartzat ditudanik. Baina gai psikotropiko guztiak kultura jakin batekin lotura zuzena dute eta gizarte mota zehatz batean sustraituak daude. Horregatik, drogen inguruan eztabaidatzen dugunean, kontu handiz ibili beharra dugu moralina soilean erori nahi ez badugu behintzat. Gure gustukoak izan edo ez, analisi neutroak egiten ez baditugu alferrik da.
Ezin uka genezake 70eko hamarkadan Espainiak heroinarekin euskal gazteriari eragin zion sarraskia, belaunaldi osoak garbituz, literalki. Etxebizitzekin eta kotxeekin azken hamarkadan egindakoaz, ordea, ez da hitz egiten. Leiho eta balkoiek egiten ote dute hilobi bat bestea baino hobea? Gazteria droga kontsumoak desaktibatu duela esatea libre da, ez du, ordea, askatasunak egia bihurtzen ezer. Bizitza eredua bera da kontsumo zentzugabe eta basatienera garamatzana, dela droga kontsumoa, dela arroparena, bizikletena edo berdin zait zerena. 80ko hamarkadan droga kontsumoa ez zen oraingoa baino eskasagoa, ez horixe, eta Euskal Herria erreferente izan zen boterearen aurkako borrokan Europan bizi diren guztientzat. Aberatsen kontinentean banketxeak errez eta poliziari sua jaurtiz bizitza ia egunero jokoan jartzen zuten ehunka eta gazte borrokarako grina eredugarriz oldartu zitzaizkion inposatutako munduari, eta haietako batzuk, asko nik uste, asteburuero drogatzen ziren parranda egitera ateratzen zirenean.
Noski, eztabaidak, hausnarketak eta gauzak ongi egitera garamatzaten bide guztiak etengabe landu beharrekoak dira. Baina benetakoak izan daitezen, ez da «erabaki politikoa» dela esatea argudio zilegia. Pisuzko arrazoiei guttik egiten diete muzin, baina errebeldeak ez gara ordenak betetzeko jaioak, prezisamente. Are guttiago, aginduak partitzen zebiltzanak, Juliok aipatu bezala, komunetik sudurzulo zurituekin ateratzen ikusten dituzunean.
Sotok bota zuen lehen bertsoa, nik erantzun diot, eta hitz egin dugunaren arabera, gai honen inguruko eztabaida abiatzea da helburua. Inor haserretu gabeko tsunamiak ere sor daitezkeelako, hautsak harrotzeko garaia da. Bota puntta!