GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSC eredu hartuta, PSEri erabakitzeko eskubidearen alde egitera dei egin dio EH Bilduk

p014_f02_25473.jpg

GARA | GASTEIZ

Autodeterminazio edo erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida piztu du PSOEren barruan PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako diputatu gehienek Diputatuen Kongresuan hartutako posizioak. Eta auzia ez zaio EH Bilduri oharkabean pasa. Hori dela-eta, agerraldia egin zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean Laura Mintegi eledunak, PSEri ere PSCren bide beretik aurrera egin dezan gonbita luzatzeko.

PSCk Madrilen PSOEri aurre eginez hartutako jarrerari txalogarria deritzo EH Bilduk eta eredutzat jo dezala eskatu dio Patxi Lopez buru duen PSEri.

Laura Mintegik interesgarritzat jo du PSCren barruan sortu den eztabaida hori, eta PSEri dei egin zion atzo «eztabaida horretan sakontzeko, Eusko Legebiltzarrean erabakitze eskubidearen alde dagoen gehiengoarekin bat egin dezan».

Azken hauteskundeen ostean, eta ilegalizazioa gaindituta, Legebiltzar honetan gehiengoak erabakitze eskubidearen aldeko «aldarri eta apustu argia» egiten duela gogora ekarri ostean, gehiengo honekin lerrokatzeko deia egin zion Mintegik PSEri, «erabakitze eskubideak, eskubidea den aldetik, gauzagarria izan behar duelako».

Mintegik PSEri gogorarazi dionez, eskubide horren alde egiteak ez du esan nahi independentziaren alde egin behar denik, baizik eta herriari galdetzearen eta honen erantzuna aintzat hartzearen alde egin behar dela. Mintegik zehaztu zuenez, «bigarren fase batean planteatuko litzateke erabakitze eskubide horri zer nolako izaera ematen zaion», baina «lehenik herri guztiek eskubide hori dutela planteatu behar da», eta honetan ere PSEk zeresan handia duela nabarmendu zuen.

Mundu osoan zehar, bai eta Europan bertan ere, autodeterminazio eskubideari buruzko eztabaida pil-pilean dagoela eta horren inguruko galdeketak «modu normal batean» planteatzen ari direla aipatu du Laura Mintegik, eta olatu horrekin bat egiteko deia berretsi zion PSEri.

Estatu ereduaren porrota

Honekin batera, espainiar Estatuaren krisi larria kontuan hartzeko eskatu zion alderdi honi Mintegik. EH Bilduren eledun nagusiaren esanetan, «Estatuaren ereduak porrot egin du, konpondu gabeko arazoa baitu, bere garaian ez zitzaiolako bertako nazioen erabakitze ahalmenari heldu, eta oraingoa urrezko unea da eztabaida horri heltzeko».

Duela hiru aste Bilbon egindako Biltzarrean, erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioa errefusatu zuen PSEk.

Bestalde, PSCko diputatuek hartu berri duten jarrerari buruz ez dute gauza handirik esan, baina PSEko eledun berri Idoia Mendiaren ustez, EAEko kideek horrelako jokabidea hartzea, Estatu mailako agintaritzatik urrunduta alegia, nahiko pentsaezina da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo