Aspaldiko sei hilabete beltzenak biziko dituztela esan dute italiar enpresariek
Hurrengo sei hilabeteak azken 50 urteetako okerrenak izango direla ohartarazi zuen atzo Italiako Confindustria enpresarien elkarteak. «Krisiaren unerik zailena biziko du», plazaratu zuen.GARA | ERROMA
«Hurrengo sei hilabeteak ikaragarriak izango dira. Azken 50 urteetako okerrenak izango dira. Krisi ekonomikoaren unerik zailena biziko dugu. Gero aldapa igotzen hasiko gara berriro», ohartarazi zuen atzo Giorgio Squinzik, Confindustria enpresaburuen federazioko presidenteak. Italiako garrantzitsuena da.
Bere hitzetan, egoera «oso larria da. Nazio produktu gordina %8,1 uzkurtu da 2007tik hona eta 3,2 milioi pertsona langabezian daude. Politikak birsortu egin behar ditu hazkunderako baldintzak, hori da-eta dugun azken aukera», gaineratu zuen «La Repubblica» egunkarian eginiko elkarrizketan.
Igandeko hauteskundeen ondoren sorturiko giro nahasiari dagokionez, alderdi guztien arteko aliantza proposatu zuen. «Ezkerreko, eskuineko eta zentroko indarrek eta Beppe Grillok, Italiarekin duen ardura bere gain hartzeko prest badago, akordio bat lortu beharko lukete Italiaren mesederako. Pairatzen ari garen egoera ekonomikoak ezin du politikaren zain egon», nabarmendu zuen.
Squinziren aburuz, ekonomia italiarrak «terapia gogor baten beharra du Gobernuaren lehen ehun egunetan». Zergak eta karga sozialak murriztea eta administrazio publikoak enpresekin dituen zorrak berehala ordaintzea proposatu zuen.
Grilloren programari buruz galdetuta, haren helburua «azpiegiturak blokeatzea» dela adierazi zuen. «Grilloren proposamenak martxan jarriko bagenitu, Italiako industriak porrot egingo luke», gaineratu zuen.
Bost Izarren Mugimenduaren (M5S) buruak argi utzi zuen ez duela ez Pier Luigi Bersaniren, ezta Silvio Berlusconiren alde ere bozkatuko. «Ezin diogu gure botoa eman Estatuaren egungo egoeraren arduraduna den talde politikoari, PD edo PDL izan», berretsi zuen Claudio Messorak, mugimenduko bozeramaileak.
Interneten bidez helarazitako mezu batean, Gobernua M5S mugimenduari osatzen uzteko eskatu zien Bersaniri eta Berlusconiri. «PD eta PDLrentzat gobernagarritasunak hainbesteko garrantzia badu, M5Sren alde bozkatu dezakete inbestiduran.
Napolesko Fiskaltzak Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren kontrako ikerketa abian jarri du ustelkeriagatik eta talde politikoak legez kanpo finantzatzeagatik.