GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14ko euskal derbia

Oraindik asko daukate jokoan

Avironek eta Biarritzek gaur gauean jokatuko dute itzulerako norgehiagoka, Jean Dauguer estadioan, 20.50etik aurrera.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bestelako kontuak entzun baldin badira ere, Avironek eta Biarritzek gaur gauean 20.50etik aurrera jokatuko duten neurketan gauza asko daude erabakitzeko. Oraindik dezente falta da Liga amaitzeko, eta ez dago ezer ere erabakita.

Avironek datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela emango duen zazpigarren postua 12 puntura dauka, eta, beraz, gauzak oso zail dituela onartu beharra dago, baina garbi dago oraindik borrokatu egin behar duela, nahiz eta pasa den larunbatean baino partida hobea egin beharko duen.

Baina, ez hori bakarrik, salbazioa ere ez baitauka eskuratuta. Jaitsierako postuak hamar puntura ditu, eta ez da ahaztu behar errugbian irabazteak lau puntu balio duela, eta horri erasoko puntua gehituta bost direla. Beraz, zuri-urdinek oraindik asko dute jokoan.

Biarritzen egoera ezberdina da. Joan den asteko partida kaskar haren ostean, gaur horri buelta eman nahiko dio, eta are gehiago joaneko partida etxean galdu ostean. Hemendik amaierara arte erregulartasuna berreskuratzen badu, zeresan handia eman dezake Agilerako taldeak. Bederatzigarren postuan dago, eta zazpigarrengoa sei puntura bakarrik dauka. Beraz, tartea oso txikia da, baina horretarako gaurtik hasi behar du puntuak batzen.

Jokalariei dagokienez, Avironen, Boutaty eta Manukula osatu dira, eta gauzak behar bezala joaten baldin badira, biak egongo dira gaur gaueko hamabostekoan. Zelaira itzuliko den bestea Mike Phillips izango da. Galesko selekzioarekin aritu zen joan den astean, eta aste honetan berriro ere zuri-urdinekin arituko da hasierako minututik. Thibault Lacroix, berriz, zalantza izango da. Pasa den astean min hartu zuen, eta ez dago erabat osatuta, eta litekeena da derbia harmailetatik ikusi behar izatea.

Biarriztarren artean, berriz, Imanol Harinordoki izan da zalantza azkeneko unera arte, baina badirudi Nafarroa Behereko jokalaria jokatzeko moduan izango dela. Erik Lund izan da astean zehar kili-kolo ibili den beste jokalarietako bat, baina bera ere osatu samartua da eta ez dirudi jokatzeko arazorik izango duenik. Gray eta Dubarry, aldiz, tripetakoak jota daude, eta ez dirudi bietako inor izango denik gaur Baionan. Burotu, Genevois, Haylett Petty, Lauret, Synaeghel eta Thion lesio larriagoekin daude eta horietako inor ere ez da izango Jean Daugerreko zelaian.

Ohorezko Mailan, berriz, Oskar Astarloak, Gernika taldeko jokalari eta zuzendaritza tekniko kideak, Euskadi Irratiari esan zionez, diru arazoak direla medio, zazpi jokalarik utzi omen dute jadanik taldea, eta hemendik aurrera hasierako helburuak erabat aldatuko omen dira.

etorkizuna

Biarritzek datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko aukera handiak ditu, eta hori lortzeko borrokatu behar du. Avironek helburu hori zailagoa dauka, baina mailan jarraitzeko txartela ere ez dauka oraindik segurtatuta.

Baionako neurketa ikusteko sarrera guztiak salduta daude

Jean Dauguer estadioa leporaino beteko da gaur iluntzean, eta 17.000 ikusle pasatxo batuko dira bertan derbia zuzenean ikusteko asmoz.

Sarrera guztiak salduta daude, eta Baionakoen zuzendaritzak atzo garbi utzi zuen sarrerarik ez dutenak alferrik joango direla, ez delako leihatilarik irekiko.

Biarritz aldean atzotik hasiak dira giroa berotzen. Eguerdirako, Geronimo, taldeko ikurra, hiriko karriketan zehar zebilen bere kamioia hartu, eta gainean ikurrina eta Biarritzen eta Avironen banderak zituela, jendeari gaur zer jokatuko zen ohartaraziz.

Norgehiagoka hasi aitzin, berriz, ez da musikarik eta jan eta edatekorik faltako. Hala eta guztiz ere, eta ohikoa den bezala, biarriztar askok euskal derbia telebistaz ikustea aukeratuko dute. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo