GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen errausketak eragiten dituen osasun kalteez ohartarazi dute

GARA | DONOSTIA

«Gure herritarrekiko dugun ardurari eutsiz, eta gugana etortzen diren herritarren arduragatik, errauste plantari buruzko eztabaida publikoan parte hartzera behartuta sentitzen gara». Adierazpen horrekin zuzendu zitzaizkien atzo hedabideei Donostia, Usurbil, Hernani, Astigarraga, Andoain, Zubieta eta Lasarte-Oriako udal ordezkariak.

Azken hilabeteetan errauste planta eraikitzeko lanak geldirik egon diren arren, «inguruko herritarrentzat mehatxua» oraindik bertan dagoela ohartarazi zuten. «Ez dugu mamua uxatzea lortu, bertatik bertara dugu, etxe alboan. Horregatik, proiektu hau behin betiko bertan behera uzteko garaia dela uste dugu».

Hondakinak errausteak osasunari dakarzkion ondorio kaltegarriez ere mintzatu ziren eta, horiek azaltzeko, Madrilgo Carlos III.a Institutuko ikerlariek berriki egindako txostena baliatu zuten. Horren arabera, errausketak nabarmen handitzen du minbizia izateko aukera inguruan bizi diren herritarren artean, batez ere bost kilometroko eremuan dauden herrietako biztanleen artean.

Hain zuzen, orain aste bi Batzar Nagusietan txosten horren sinesgarritasuna zalantzan jarri zuen EAJk.

Arduraz joka dezatela

Sei urte igaro dira jada Gipuzkoako errauste planta Zubietan eraikitzea onartu zenetik, kaltetuak suertatzen diren herrietan «ezer galdetu gabe». «Gure mezua, beraz, garbia da: errauskailurik ez -adierazi zuten-. Ez Zubietan, ez Zarautzen, ez Tolosan (...), inon ez. Errauskailua ez da inola ere hondakinen arazoaren konponbidea. Are okerragoa dena: ezer ez konpontzeaz gain, mehatxua da pertsonen osasunerako eta ingurumenerako».

Zazpi udal ordezkariek arduraz jokatzeko eskatu zieten azkenik lurraldeko erakunde eta politikariei, «osasunerako kaltegarria izateaz gain, «inork ez duelako bere etxe ondoan halakorik izan nahi. Alternatibak badaude», aldarrikatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo