1,18 milioi euro gutxiago Lakuatik Donostia 2016ra; Madrildik, batere ez
Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak atzo jakitera eman zuenez, 2013an Lakuako Gobernuak %77,23 murriztuko du hasiera batean Donostia 2016 proiekturako zehaztuta zuen aurrekontua. 1.536.000 euro eman behar bazituen ere, 350.000 besterik ez dituela emango jakinarazi zioten Badiolari. Madrilek ere ez du hitzartua bete, eta proiektua guztiz babesten zuela baieztatu arren, 2013ko zein 2014ko aurrekontuetan ez da Donostia 2016 ageri.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Ikerne Badiola Gizpuzkoako Kultura diputatuak «kinka larrian» ikusten du Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren proiektua, adostutako konpromiso ekonomikoak bete ezean. Horixe adierazi zuen atzo Batzar Nagusietan izandako bileran Maria Jesus Egido (PSE) eta Jose Maria Murgiondo (PP) mahaikideek honen gainean galdetu ziotenean. Badiolak azaldutakoaren arabera, Lakuak aurreikusitako ekarpen ekonomikoak %77,23 gutxituko ditu aurten.
Joan den asteko ostegunean Donostia 2016ko patronatuak izandako bileraren ostean Lakuako «ordezkari garrantzitsu batek» eman zion informazio hori diputatuari. Donostia 2016ra bideratutako aurrekontuak murriztu badira ere, Tabakalerako egitasmoari dagozkionak bere horretan mantenduko dituztela ere jakin zuen, aurreko gobernu taldeak hala hitzartu baitzuen. Badiolaren adierazpenak gaizki hartu zituzten Lakuan, eta bertatik GARAri jakinarazi ziotenez, ez dute inolako adierazpenik egingo gaiaren inguruan aurrekontuak onartzen dituzten arte.
Proiektuari babesa eskaintzen dioten instituzioak bost dira: Europar Batasuna, Madrilgo Gobernua, Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala.
Diputatuaren esanetan, horietatik bik ez dute emandako hitza bete. Izan ere, Lakuak 2013an 1.536.000 euro emango zituela iragarri bazuen ere, 350.000 euro besterik ez zituen zehaztu aurreko PSEren Gobernuak onartutako aurrekontuetan. Madrilen 2013ko ekarpena zein izango litzatekeen ez zen zehaztu, bertako ordezkaririk ez zegoelako patronatuan oraindik, baina Donostia 2016ri babes osoa eskainiko ziola jakinaraztean proiektuaren amaierarako 11.000.000 euro eman beharko lituzkeela adostu zuten. Horren ordez, «0 euro» jarriko dituzte proiektuaren poltsan, Badiolaren esanetan, eta 2014an ere ildo horri eutsiko dio.
Donostiako Udalaren aurrekontua 1.375.000 eurokoa da eta Aldundiarena 1.511.000 eurokoa. Hitzartutakoa bete dute biek eta 2013ko kulturarako diru partidetan Donostia 2016ri diru kopuru hori eskainiko diote. Europatik jaso beharreko dirua 1,5 milioikoa da. Badiolak espero du Europak emandako hitza betetzea, baina honek egin beharreko ekarpena txikiena da eta beste bi instituzioen laguntzarik gabe ezingo dute aurrera egin. «Adostutako konpromisoak betetzen ari diren bakarrak Diputazioa eta Udala dira, biak Bilduren gobernupean», salatu zuen.
Konpromisoa
Bere garaian, talde politiko guztiek eta aurretik aipatutako bost instituzioek proiektuari babesa eskainiko ziotela ziurtatu bazuten ere, alde ekonomikoari dagokionez, antza, batzuek ez dute euren hitza bete. Badiolak adierazi du guztiek egitasmoarekin leial jokatu beharko luketela eta denek bide beretik jo. «Espero dut orain esandakoa zuzendu behar izatea, eta [hitza bete dutenen] zerrendara beste sigla batzuk gehitu ahal izatea», esan zuen itxaropentsu.
Bestalde, 2012. urteko memoria egiterakoan instituzio bakoitzaren 2020. urtera arteko aurrekontuak zehaztu zituzten koadro batean. Bertan, Diputazioak ez zuen epe luzerako zenbakirik eman, eta horren zergatiaz galdetu zion PPko ordezkariak. «Gainerako instituzioek zehaztutako diru partidak ematen badituzte Diputazioak ez du inolako arazorik izango 2014rako aurrekontuarekin konpromisoa hartzeko, baina tentuz jokatu genuen ziurgabetasun egoera horretan. Hala ere, frogatuta dago Bilduk hitzartutakoa betetzen duela», erantzun zuen.
Udaleko talde sozialistak Batzar Nagusietan egindako bileraren edukiaren berri izan zuenean Juan Karlos Izagirreri murrizketen inguruko premiazko bilera bat egin dezala eskatu zion.
Donostia 2016ko ekintzarik aipagarrienetako bat XVI. mendeko «San Juan» baleontziaren berreraikitzea izango da, Albaola elkartearen eskutik. Batzar Nagusietan izan zen elkarteko lehendakari Xabier Agote orain arte lortutakoaren zein etorkizunean egingo dutenaren berri emateko. Azaldu zuenez, Ameriketako Estatu Batuetan hasi zuen ibilbidea Agotek, non euskal traineru zahar bat eraiki zuen. Ordutik hainbat proiektu sortu ditu Albaola elkarteak euskal itsas kultura sustatzeko xedez. Egun ola txiki bat dauka Pasaian, non bisitariek ontzigileen jarduna ikus dezaketen.
2016ko ospakizunen harira, Kanadako kostaldean topatu zuten «San Juan» baleontzi pasaitarra berreraikitzeko proposamena aurkeztu zuten eta euren ezusterako onartu egin zuten. Hala, segituan hasi beharko dute plano zaharrak erabiliz itsasontzia egiten, hiru urteko lana aurreikusten baitute. Prest dagoenean museo eta euskal kulturaren enbaxadore ibiltari bilakatuko da, hizkuntza minorizatuen gaineko ardura Europan zehar eramango duena. Eraikitze lanetan 20 lanpostu sortuko ditu «San Juan» ontziak eta ondoren, turismoari begira, lanpostu gehiago sortuko dira, bisitari kopuruaren arabera. Era berean, marinelekin zerikusia duten Gipuzkoako beste museoekin ere harremana sortuko dute -ontziak eraikitzeko iltzeak egiten zituzten burdinolak edota marinelek itsasora eraman zezaten sagardoa ekoizten zuten dolareak-. Horretaz gain, Euskal Herriko beste sektoreen motore izaten saiatuko dira. Adibidez, erabiliko duten egurra Sakanako hariztietatik iritsiko da, zuhaitzak nafarrentzako diru iturri izan daitezen. N.B.