GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Goikoengana gerturatzen jarraitu nahi du Biarritzek

Lapurtarrek lehen zazpien artean sartzeko itxaropenei eusteko, Grenoble menderatu behar dute gaur.

p040_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Aukera handirik izan ez arren, Biarritzek gora egin nahi du. Datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzeko lehen zazpien artean amaitu nahi du denboraldia, baina badaki, horretarako, geratzen diren partidak irabaztea eta bere aurretik dituen taldeek galtzea beharrezkoa duela.

Zuri-gorriek gaur jokatuko dute Grenobleren aurka Agileran, 19.00etan. Lapurtarrak sailkapeneko bederatzigarren postuan daude 47 punturekin, eta postu bat aurretik dute talde frantziarra, bi puntu gehiagorekin.

Bien egoera oso bertsua da, bien nahia ere datorren urtean Heineken Kopa jokatzea da, baina biek daukate oso zaila. Gaurkoarekin lau jardunaldi geratzen dira. Irabazten duenak helburua lortzeko aukera apur batzuk izango ditu, eta galtzen duenak, berriz, batere ez.

Zuri-gorriek joan den astean Clermonti irabazi egin zioten, denboraldiko partidarik onena egin ostean. Zaleek talde hori da ikusi nahi dutena. Baja askorekin jokatu zuen, baina Yachvili agertu zen. Lapurtarren jaurtitzailea zaleek nahi baino gutxiagotan agertu da aurten, baina azaldu den guztietan taldeak oso maila ona eman du. Grenobleren aurkako partidetan, gainera, normalean oso ongi aritzen da Yachvili, eta horri eusten saiatuko da gaur gauean.

Oraindik helburuak betetzeko itxaropenei eusteko garaipenaz gain, erasoko puntua lortzea ere garrantzitsua litzateke, baita Grenobelerentzat ere.

Aviron

Avironek bihar jokatuko du, Bordelen 18.30ean. Zuri-urdinek garaipen handia lortu zuten joan den astean Donostian, eta oso itxura ona emanez, gainera. Mailari eusteko txartela ia eskuetan dute, jaitsiera 19 puntura dute, eta lau jardunaldi besterik ez dira geratzen. Gora egiteko Biarritzek zaila baldin badauka, Avironek are zailagoa dauka, zuri-gorriek baino bi puntu gutxiago dituztelako.

Aurrean izango duen taldeak, ordea, asko du jokoan. Oraindik matematikoki ez dio mailari eutsi, eta, horretarako, garaipena behar du. Bordelek nahiko bideratuta dauka helburua, baina oraindik lanak amaitu gabe ditu, eta horretara joango dira bihar bertako jokalariak. Alde horretatik, lasai joango dira baionarrak, eta joan den astean bezalako maila ematen baldin badute, zaila izango da Bordeletik garaipenik gabe etxeratzea. Alta, lasai joaten baldin badira, astindu handia ere har dezakete, etxekoak hasieratik joango direlako garaipenaren bila. Dena dela, geratzen diren partidak gozatzeko izango dira Avironentzat, helburu nagusia beteta baitute, nahiz eta gehiago nahi izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo