GARA > Idatzia > Euskal Herria

Enbata: 50 urtez, urratsez urrats, mugimendu abertzale eta ezkertiarra indartzen

Enbata sortu zela 50 urte betetzen dira aurten Ipar Euskal Herrian «abertzaletasun modernoaren» lehen haziak finkatuz. Bihar arratsaldean, Itsasun elkartuko dira AB, Aralar, Sortu, EA eta Alternatiba, horren sorrera ahalbidetu zuen mugimendua omentzeko, Aberri Egunaren bezperan.

p014_f01_32922.jpg

Ainize BUTRON

Oraindik ere «Enbata zikinak» edo «Enbata urde zikinak esaldiek» ospea daukate Ipar Euskal Herrian. Mugimendu abertzalea izendatzeko baliatuak, jendartearen zati batek abertzaleak zirenei begira zuen ikuspuntuaren isla ere bada. Hitz horiek entzunik, erraz irudikatu daiteke zer nolako harrera eman zitzaion Iparraldean, 1963. urtean, gazte talde batek botatako «Euskadi da gure aberri bakarra» aldarrikapenari. 1963ko apirilaren 15ean, izan ere, hirurehun bat lagunek, Aberri Eguna ospatu zuten, lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian, ikur gisa Itsasun haritz bat landatuz.

50 urte igaro dira geroztik, eta, ekitaldi hori sinbolikoa izan bazen ere, historialariek argi daukate Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako mugimendu abertzalearen bilakaeran data garrantzitsua izan zela, Enbata izeneko mugimenduaren sorrera markatu zuelako.

Horrela azaltzen dute Peio Etxeberri-Aintxart historialariak eta Jon Etxeberri-Aintxart Enbatako kidea izandakoak, berriki Elkar argitaletxearekin frantsesez kaleratu duten «Le mouvement Enbata, à la source de l'abertzalisme du nord» liburuan. Garaiko hainbat argazkiz hornitua, liburuak 1957an hasten du bere azalpena, eta 1974an garaiko frantses lehen ministroak Enbata alderdia debekatu zuen arte, atalez atal, mugimenduaren historiaren aurkezpen bat egiten du. Jakes Abeberry, Patxi Noblia, Ximun Haran, Jean Louis Davant, Christiane Etchalus, Lucien Etxezaharreta eta Daniel Landart dira, besteak beste, mugimendu horretan parte hartu zuten garaiko gazteak.

Enbatak, Ipar Euskal Herrian izandako garrantzia goraipatzeko Peio Etxeberri-Aintxartek hau oroitarazi du: «Aurretik, Ipar Euskal Herrian aitzindari batzuk izan ziren, baina arrunt isolatuak ziren. Ez zen sekula izan ordu arte mugimendu politiko abertzale osaturik». Hamabost urtez, Enbatak abertzaletasuna eta Europako federalismoan oinarrituriko ideologia politiko berritua, hauteskunde arloan eta militanteen lanean deklinatu den estrategia politiko berezitu bat eta frankismoaren aurka borrokan zebilen ETA erakundearen aldeko sostengu mugimendu bat garatu zituen Iparraldean. 70. urtetik goiti, urtero auziak eta salaketak jasan behar izan zituen Enbatak, 1974. urtean debekatua izan zen arte.

Seaska eta kooperatibak

Liburuaren bi idazleek Enbatak gaur egun oraindik ere indarrean diren aldarrikapen eta egituretan duen eragina argi azaltzen dute beraien lanean. 1974. urtetik aitzinera, mugimendua «konkurrentzia» politikoa izaten hasi zen. Gazte belaunaldi berrien agerpenarekin batera, mugimenduaren baitan ere bide berriak hartzeko nahikeria agertzen hasi ziren zenbait militante.

1968ko fenomeno politiko-sozialari jarraituz «belaunaldi berri bat» sartu zen politikan. «Horiek pentsatzen dute Enbata zaharkitua dela eta nahi dute beste zerbait egin, ez baitezpada Enbataren kontra, baina beste modelo bat jorratu nahi dute», argitzen du Peio Etxeberri-Aintxartek. Borroka armatuak hartzen duen bide berriaren erakargarritasuna, eta Europan sortzen den «ezkertiar» fenomenoak mugimendu berri horietan eragina badu.

Ildo politiko berriekin batera, bide kulturalista ere pizten da. Euskara salbatzeko eta kultura lantzeko xedea agertzen da. Ondorioz, Daniel Landartek antzerkia abiatzen du; Luzien Etxezaharretak, berriz, Amaia elkartea sortzen du. Beste kide batzuk, berriz, irakaskuntzan murgiltzen dira. «Seaska hortik sortzen da».

«Ez da egiazko porrot bat, dinamika guzti horiek Enbatatik sortzen baitira. Belaunaldi batetik bestera beste modelo batzuk piztu dira ezkertiarragoak, eskuindarragoak edo anarkistagoak. Baina adar horiek guztiak enbor beretik datoz eta hori Enbata da», gehitu du historialariak.

Gaur egungo mugimendu abertzalearen aldarrikapenetan Enbataren garaiaz zer geratzen den aztertzeko orduan, bada ere loturak egiteko aukera. «Enbatak euskal departamendua, euskararentzat estatutua eta Europa federala eskatzen zuen. Gaur egun horretan gara, lurralde elkargoa bada ere», bukatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo