Orain arte egindako akatsak zuzentzeko azken aukera izango da Berezkoen Binakako Txapelketan
J.L.
Binakako Txapelketako lehen faseko azkeneko bi jaialdiak izango dira bihar eta etzi, eta oraindik gauza asko daude erabakitzeko, nahiz eta beste batzuk nahikoa bideratuta edo erabakita dauden dagoeneko.
A multzoan, Waltari eta Harizmendi Sorhueten eta Ducassou II.aren aurka neurtuko dira bihar. Bi bikote hauek dira aurtengo txapelketa irabazteko faboritoak, baina oraingoz, bien egoera oso ezberdina da. Multzo honetako lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatzeko txartela lortuko dute, eta azken biek final-laurdenak jokatu beharko dituzte. Sorhuetek eta Ducassouk orain arteko bi partidak irabazi dituzte, eta finalerdietarako txartela eskuratuta dute.
Waltarik eta Harizmendik, berriz, orain arte jokatutako bi partidak galdu egin dituzte, eta bihar gertatzen dena gertatzen dela, final-laurdenak jokatu beharko dituzte. Galtzeaz gain, ordea, amerikarrak eta Nafarroa Beherekoak oso itxura kaskarra eman dute. Bi partidetan 50 kintze bakarrik egin dituzte, eta beraiengandik espero zen mailatik oso aparte dabiltza. Oraindik guztiari buelta emateko tartea badute, baina horretarako jokoa ikaragarri aldatu beharko dute.
Beste partida etzi jokatuko da, eta horretan Larretxea eta Ximun Lanbert Etxeberriren eta Etxetoren aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak partida bat irabazi eta bestea galdu du, eta irabazten duenak finalerdiak jokatuko ditu eta galtzen duenak, final-laurdenak.
B multzoan, lehen biek lortzen dute final-laurdenetarako txartela, eta azken biak kanpora doaz. Bihar, Bielle eta Ezkurra Agirreren eta Ozafrainen aurka neurtuko dira. Lehen bikotea sailkatuta dago, eta besteak irabazi beharra dauka.
Etzi, Intxauspek eta Jannotsek Laurent Lanberten eta Bonebeltxeren aurka jokatuko dute. Hemen biek irabazi behar dute. Gerta daiteke hiru bikotek puntu batekin amaitzea, eta orduan egindako tantoak hartuko dira kontuan. Bihar Arrangoitzen jokatuko da jaialdia 17.00etan, eta etzi, berriz, Garendainen izango da azken ekinaldia; hemen ere 17.00etatik aurrera.