Aizkora
Aurtengo Urrezko lehiaketa ere hiru mailatan jokatuko da
Aurtengo Urrezko Aizkora ere hiru mailatan jokatuko da. Maila nagusia, 23 urtetik beherakoena, eta 18 urtetik beherakoena. Txapelketa bihar bertan hasiko da Bilboko Areatzan, 12.00etatik aurrera. Maila nagusiko lehen kanporaketa jokatuko da.
Lehen jardunaldi honetan, hamar aizkolari neurtuko dira. Denak ere proba azkarrak izango dira, eta kanporatzen joango dira saioz saio, azkenean bi geratu arte. Bi horiek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.
Lehen ekinaldi honetan, Larrea III.a, Intxausti, Garcia, Oregi eta Lekue bizkaitarrak arituko dira, baita Urteaga, Otaño eta Alkizalete II.a gipuzkoarrak ere, eta hauekin batera Kortxero arabarra eta Naredo asturiarra. Azken hau Binakakoan ere aritu da aurten, eta Bakarkakora ere etorriko da.
Lana laburra da, eta enbor bat mozten, edozein akats larria izan daiteke. Beraz, edozein izan daiteke aurrera egiten duena, honelakoetan ezusteak asko izaten baitira. Berez, Alkizalete II.a eta Eneko Otaño izango dira faboritoak, baina huts txiki bat garesti ordaindu daiteke proba hauetan.
Txapelketa erabat zehazteko dago oraindik, baina jadanik jakinarazi dute 60 aizkolari arituko direla maila nagusian. 18 izango dira, berriz, 23 urtez azpikoan, eta bost, 18 urtez azpikoan.
Datorren astebururako egutegia ere ezagutarazi dute, eta apirilaren 6an, 19.00etatik aurrera Zeraingo pilotalekuan, izango da neurketa, beste hamabi aizkolarirekin. Egun bat beranduago, apirilaren 7an, berriz, Bilboko Santutxu auzoan izango dira kanporaketak beste hamabirekin.
Hortik aurrerako zerrendarik ez dute ezagutarazi, baina bai finala jokatuko den eguna; ekainaren 3an izango da, Azpeitian. Hantxe jokatu dira orain arte jokatu diren final guztiak, eta badirudi aurten ere bertan izango dela, azken orduko aldaketarik ez bada.
J.L.