Rembrandt eta Christo: Europako erakusketetako protagonisten artean
Gustu guztietarako erakusketez josita daude Europako arte galeriak. Urrun baina era berean gertu ditugun hiriek askotariko apustuak egin dituzte udaberri honetarako; antzinako bizimoduen berri ematen digutenak, arte marjinala edo garaikidea, instalazioak....
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Aste Santukoak oporretan joateko egunak baino, oporrak hartzeko garaiari ateak zabaltzen dizkioten egunak dira. Asko eta asko Euskal Herriko txokoak miatzen geldituko dira, baina badugu Europan zehar bidaiatzeko joera ere, batez ere asteburu batean hegazkina hartu eta pare bat ordutan edonon egon gaitezkeelako. Europako hirietan bertako bizimodua ezagutzeaz gain, museoetara joateko ohitura handia dugu. Artikulu honetan udaberrian hasi diren edo hasiko diren erakusketen berri dakarkizuegu, aipatutako hiriren batera joanez gero, horiek ere kontuan hartzeko bidaiaren plangintza egiterakoan.
Londres, gertu samar dugunez, herritar ugariren oporretako helmuga da. Joan den astean iragarri genuen Victoria & Albert dekorazio eta moda museoak David Bowie 80ko hamarkadako idoloari buruzko erakusketa bat prestatu duela. Bertan musikariaren ehunka jantzi eta objektu pertsonal daude ikusgai abuztuaren 11ra arte. Lehenengo egunetako ikusmina pasata (50.000 sarrera baino gehiago saldu zituzten aldez aurretik) datozen egunak aproposak izan litezke rock izarraren sekretuak ezagutzeko.
Londresko kultur bidaian aurrera jarraituz, British Museum ospetsuan atzotik irailaren 29ra arte «Life and death Pompeii and Herculaneum» erakusketak 79. urtean Vesuvio sumendiak eztanda egin zuenean kiskali zituen Ponpeia eta Herkulano hirietako bizitzaren berri ematen digu. Bertan aurki ditzakegu azken indusketetan topatutako hainbat pieza. Hondamendiak hiriak estali zituen eta horri esker bertan zegoena gure garaira arte onik mantendu da. Hala, garai hartako erromatarren gaineko hainbat kontu ezagut ditzakegu: euren etxeak, apaingarriak, janaria, haurren seaskak, bitxiak, sexu eszenak dituzten margolanak eta abar. Objektu guztiak aztertu eta gero, adituek ondorioztatu dute erromatarrek bizitza sozial oso oparoa zutela tenplu eta antzokiak zituztelako, baita bizibidea batez ere merkataritzatik eta lurra ereitetik ateratzen zutela ere.
Ohiko museoetatik at bestelako arte motak nahiago dituztenentzat Wellcome Collection galeria dago Regent's Parketik ez oso urrun. Ekainaren 30era arte «Souzou: Outsider Art from Japan» bilduma izango da ikusgai, non artea adierazpide gisa erabiltzen duten gaixo psikikoek egindako 300 lan baino gehiago biltzen diren. 46 artezalek terapia bezala hasi zuten proiektua mundua nola ikusten duten erakusteko modua bihurtu da pazienteentzat. Diziplina eta material anitzak ikus daitezke erakusketan, koadroetatik plastilinara. «Outsider art» delakoa II. Mundu Gerraren osteko Japoniako osasun eta hezkuntza erreformarekin batera sortu zen mugimendu bat da.
Napoleonen aztarnei jarraituz
Estatu frantsesean antolatu duten erakusketarik garrantzitsuena orain arte aipatutakoen aldean serioagoa da, baina koadroak aztertzea gustuko dutenek berdin-berdin gozatuko dute. Izan ere, Louvre museoak Alemaniako 1800. eta 1939. urte arteko artista handiei eskaini die une honetako behin-behineko erakusketa. Parisko museoak Alemaniari eskaintzen dion lehenengo erakusketa izanik, arrazoi berezi bat dauka hain justu urte honetan bertan izateko. Izan ere, aurten 50 urte betetzen dira bi herrialdeen artean Eliseoko Ituna sinatu zutenetik eta erakusketa antolatutako ekitaldien baitan biltzen da.
Louvren ikusiko ditugu ekainaren 24ra arte, beraz, Otto Dixen, Philipp Otto Rungen, Caspar David Friedrichen edota Paul Kleeren lanak. Azken honen lanak Bartzelonako March Fundazioaren eraikinean ere izango dira ikusgai.
Bi lekuetan batera izango den beste pertsonaia bat Napoleon Bonaparte izango da, Parisko Musee de l'Armeek eta Anberesko (Belgika) MAS museoak erakusketa bana eskainiko baitiote. Napoleonen gorpuzkiak Parisko Les Invalides gunean daude eta aproposa dirudi bertan dagoen museoetako batean bere bizitzaren inguruko erakusketa kokatzea. «Napoleon et l'Europe»-k kontinente osoan egin zuen konkistaren berri ematen digu zenbait objektu pertsonal eta artista ugarik egindako erretratuei esker. Adibidez, Francisco de Goyak 1808an pintatu zuen zirriborroa dago ikusgai, edo berak erabiltzen zituen armak eta bitxiak. Pertsonaia historikoaren ezohiko ikuspegia erakusten digu uztailaren 14ra arte bisitatu daitekeen erakusketa honek.
Bi urte ez dituen Anberesko museoak ere apustu gogorra egin du Napoleonen erakusketaren alde (ekainaren 30era arte). Honek ere konkistari buruz hitz egiten digu, baina eskala txikian; armada napoleonikoa Herbehereetan egon zen denboran Bonapartek Anberes hiriaren ardura hartu zuen eta bere portua gainerako konkistak gauzatzeko oinarrizko bilakatu zen leku estrategikoa zuelako.
Berritzaileagoa da «Fragile-Murano» Maillol galeriako bilduma berria. Uztailaren 28ra arte Italiako kristal delikatu eta koloretsuarekin egindako ehunka pieza ikusi ahal izango dira bertan erakusketa berritzaile batean.
Bitxikeriaz bitxikeria
«Erretratu» hitzaren esanahia asko aldatu da mendeetan zehar. Egun, argazki bat da erretratu bat, baina kamerarik ez zegoenean pintura zen aurpegiak «gordetzeko» modu bakarra. Horretan maisu ziren pintore flandiarrak. Horietan ospetsuena dugu Rembrandt Van Rijn, argi-itzalen jenioa. Amsterdamgo Rijkmuseum galeriak apirilaren 13an irekiko ditu ateak berriro azken hilabeteetako berritze lanen ostean. Asteazkenean bertan iritsi zen erakusketa gelara «De Nachtwacht» obra, artistaren garrantzitsuena.
Rembrandten lanak ikusteko itxaron egin behar badugu ere, bere estilo berbera jarraitzen zuen Franz Halseren gaineko erakusketa jada ikusgai dago Haarlem hiriko artistaren izena daraman museoan. Hain zuzen ere, xehetasunak eta irribarreak dira protagonista erakusketa honetan, Halsek ondo baitzekien nola gorde naturaltasuna berez estatikoa den irudi batean. Horrela, koadroek bizitza zutela zirudien, beste pintore askorenek ez bezala. Uztail bukaerara arte izango da ikusgai bilduma hau.
Euskaldunon ohiko beste helmugetako bat Irlanda da. Hegazkina hartu eta Dublin bisitatu ostean, Belfast da gehien erakartzen gaituen hiria. Falls Roadeko muraletatik urrun, hiriaren beste aldean dago portua. Askotan esan ohi dugu Bilboko Guggenheim museoak «Titanic» itsasontziaren antza duela, eta Belfasteko txoko horretan ere antzeko eraikin bat topatuko dugu. Ez da kasualitatea, bertan eraiki baitzen itsasontzi famatua eta bertan baitago honen berri ematen duen museoa. Sei pisu ditu eta transatlantikoaren historia zein hiriarena ezagut daiteke horietan barrena. Oraingo honetan, ordea, pieza berri bat dauka Titanic Museoak: ontzia hondoratu zen 1912ko apirilaren 15 hartan lehenengo mailako bidaiariek afaldu zuten menua, bizirik atera zen emakume batek poltsikoan zeramana.
Bitxikeria horretaz gain, bestelakoak ere topatu ditzakegu Europan zehar. Esaterako, Christo artista bulgariarrak Oberhausen herriko (Alemania) gasometro bat bildu du, barrutik, globo baten oihalarekin. Artista honek instalazioak jartzen ditu espazio publikoetan eta normalean eraikin handi eta ezagunen kanpoaldeak kolorezko oihalekin biltzen ditu. «Big air package» obra honetan, berriz, zuria da nagusi.
Arte garaikidearekin jarraituz, Lisboara joko dugu bertako Ajuda Jauregian kokatu baitute Joana Vasconcelos eskultorearen obra, abuztuaren 25era arte ikusi ahal izango dena. Duen berezitasuna, artistaren lan berrien eta agertoki klasikoaren arteko kontrastea, XIX. mendeko apaingarriak dituen eraikinean elementu koloretsu eta deigarriak kokatu baititu, ostruka luma arrosez estalitako helikopteroa edo plantxaz egindako lanpara kasu.
Argazkiak diruditen margolanen erakusketa antolatu du Madrilgo Thyssen Museoak. 1967tik 2012ra bitartean egindako 66 lan daude ikusgai «Hiperrealismo» bilduman, ekainaren 9ra arte.
Gruuthuse eskuizkribuaren inguruko erakusketa prestatu dute Brujasko (Belgika) museoan. Liburu horrek Herbehereetako abestiak eta poemak gordetzen ditu. Erakusketa honen bidez XV. mendeko Brujasko giroa ezagutarazi nahi dute.