GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Leize sakonetan ehortzitako egia azaleratzeko bederatzi urrats, «errepresaliatu guztiengatik»

Ameskoa Ibarretan, Nafarroa osoan bezala, arrasto handi eta sakona utzi zuen errepresio frankistak. Urbasako leizeetan behera amildutako gorpuak dira haren lekukorik ikaragarri eta mingarrienak. Horietako bederatzi atera berri dituzte lurpetik. Hiru identifikatuta daude: Gregorio Garcia, Balbino Bados eta Balbino Garcia de Albizu. Azken honen bilobak eta Eulateko Udalak eskatu zuten gorpuak ateratzea, eta lan horretaz arduratu zen taldea dozena bat boluntariok osatu zuten, memoria historikoa berreskuratzeko lanetarako ez baitago diru laguntzarik, administrazio asko herri honek oraindik kitatzeko duen zorra onartzeko uzkurregiak baitira, desagertuta dirauten gorpuak berreskuratzeko, gertatutako guztia azaleratzeko uzkurregi. Hala ere, aste honetan ateratako bederatzi gorpuak bederatzi urrats gehiago dira memoria historikoa berreskuratzeko bidean, eta Garcia de Albizuren bilobak inork baino hobeto daki hala dela, egiten ari diren lana merezi duela, ez bere aitonarengatik bakarrik, baizik eta «Ameskoa Ibarretako errepresaliatu guztiengatik». Batzuek leize sakonetan ehortzia nahi duten egia lurpetik atera eta errepresaliatu haien duintasuna aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo