GARA > Idatzia > Euskal Herria

EEPren aurrekontuak gora egin du 2013an, Gobernu frantsesak diru laguntza urritu arren

A.B. | BAIONA

2013 urterako aurrekontuaren berri eman zuen atzo Euskararen Erakunde Publikoak, eta orotara, 3.332.300 euro aurreikusten dituzte. Iazkoaren aldean 20.000 euroko igoera izan bada ere, 2011z geroztik Gobernu frantsesaren laguntza txikitu egin dela-eta, kexu agertu zen Frantxua Maitia lehendakaria.

«Gure estatutuak ikusirik egoera kezkagarria da. Aterabide bat atzeman behar da», azaldu zuen. Hiru partaide nagusi ditu Euskararen Erakunde Publikoak: Kontseilu Nagusia, Eskualdeko Kontseilua eta Estatua.

Lehen bi egiturek 860.000 euroko diru laguntzak eman dituzte; Gobernu frantsesak, berriz, 740.000 eurokoa. EEP diruz laguntzeko plana Lurralde Kontratuaren baitan finkatua denez, Estatuaren laguntzak beste bi partaideen hein berekoa izan beharko lukeela nabarmendu zuen Maitiak. Izan ere, pasa den otsailean finkatu beharra zuten aurrekontua, baina denbora eman nahi izan diote Estatuari eman beharreko diru laguntza azter dezan.

Estatuaren diru murrizketari aurre egiteko egiturak dituen erreserbak baliatuko ditu, «politika publikoak egiten» jarraitu ahal izateko. Eta, egoerari aterabide bat atzemateko Estatuko ordezkariekin biltzeko asmoa du, besteak beste, «hainbat urteko finantzamendu plangintza» finkatzeko. Euskal gobernuaren laguntzak ere behera egin du, 457.000 eurotik 400.000 eurora.

Filippetti ministroa

Aurrekontuarekin batera, irakaskuntza, formakuntzan eta beste hainbat arlotan ekimen zehatzak abiatuak dituztela jakinarazi zuen.

Horiekin batera, Aurelie Filippetti Kultura ministro frantsesak abiatu duen eskualdeko hizkuntzen komitean parte hartuko du, eta administrazio publikoetan euskararen aldeko politika gauzatu ahal izatea eskatuko dutela esan zuen Maitiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo