GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate | Alternatibako Mahai Internazionalista

Venezuela eta Latinoamerika une historikoan

Eskumak badaki Venezuela zeinen garrantzitsua den, eta bere momentua ez du gaurko hauteskundeetan, hortik aurrerago baizik

Gaur, berriz ere, presidentetzarako hauteskundeak dira Venezuelan, Hugo Chavez azken 15 urteotan Amerikako herrien burujabetzaren eta euren arteko saretzearen aldeko borrokan ikur nabarmena izandakoaren heriotza dela-eta.

Dirudienez, bere ondorengoa, Nicolas Maduro, izango da Errepublika Bolivartarraren gobernuburu datozen urteotan. Zentzu honetan, eskumak zein ezkerrak argi omen dute irabaziko dutela, hainbat arrazoi direla medio: Chavezen heriotzaren ostean aurreikus daitekeen Venezuelako sektore herrikoien mobilizazio soziala, hauteskundeetan islatuko dena; Gran Polo Patrioticoren erabateko garaipena -Maduro hautagai aurkeztu duen alderdi koalizioa- bai aurreko presidentetza hauteskundeetan zein eskualdeen gobernuetarako hauteskundeetan, non Chavezek ez zuen kanpainan parte hartu, bere gaixotasuna zela-eta; oposizioaren ezintasuna gehiengo sozial handientzat aukera sinesgarri gisa agertzeko, etab.

Zentzu honetan, hauteskunde kanpainak ez du aurrekoetan bezainbesteko arretarik lortu nazioartean. Sakon hausnartzen badugu Venezuelako eskumaren -baita nazioartekoarena ere, izan ere, Venezuelak eskuma ugari biltzea lortu du, jokoan dauden etekin ekonomiko eta geoestrategikoak direla medio- etorkizun hurbilerako estrategia asmatzen laguntzen diguten ideia garrantzitsu batzuk ondoriozta ditzakegu. Eskumak ez du irabazi nahi. Izan ere, bere xedea ahalik eta portzentajerik baxuenagatik galtzea da, gobernagarritasuna oztopatzeko, eta Maduroren aurkako kanpaina indartzeko, era berean mugimendu bolivartarraren barruko sektore politiko ezberdinen artean tirabirak sortuz.

Hala, hauek izan dira Caprilesen kanpainaren oinarrizko gaiak: batetik, Chavezen estatu-politikari eta estratega irudia berreskuratu -duela oso gutxi Luzifer eta Akerbeltzen nahasketa gisa saltzen zuten arren- Maduro ezgai eta ezjakin batekin alderatuz, Venezuelako oligarkiaren ikuspuntu arrazista eta klasista tipikoa azaleratuz; bestetik, kanpainaren arreta itxuraz aurrerakoia den programa batean jarri, Hugo Chavezen Presidentetzaren garaian lortutako gizarte aurrerakuntza garrantzitsuak onartuz -eta bereganatuz-, eskuma neoliberalaren eta bere oinarrian dauden sektoreen agenda baztertzailea estaltzen saiatzen diren bitartean, klase herrikoiak erakartzeko; hirugarrenez, gizarte lan ugarietan aktiboki parte hartzen duten kubatarrenganako diskurtsoa leundu, bera gobernadore zen garaian trabak besterik jarri ez zizkienean; eta azkenik, herriaren segurtasun ezaren aurkako borrokaren buruzagitza bereganatu, bolivarianismoa baino lehen eskuma hegemonikoen politikek sortutako desberdintasunek segurtasunik eza hori bera sortu bazuten ere. Laburbilduz, aurrerakoitasuna eta herritarren segurtasunik ezaren aurkako borroka, Maduro fidagarria ez dela eta Chavezen lanari jarraipena emateko gaitasunik ez duela irudikatuz. Bere iritziz, beraz, Capriles Chavezen ondorengorik hoberena da, ez Maduro.

Hala izanik, kolpista neoliberalak ez daude burutik jota. Estrategia koherente bat landu dute. Haien indar guztia desorekatzen eta gutxiesten jarriko dute, justu orain, Hugo Chavezen irudi indartsua falta denean: bai hauteskundeen bidetik (Madurorekiko aldea gutxitzen saiatuz), edota beste edozein bide dela medio (dagoeneko adierazi da hainbat sabotaje eta desorekatzeko saiakera egon direla, nazioarteko laguntzarekin). Eskumak badaki Venezuela zein garrantzitsua den, eta bere momentua ez du kokatzen gaurko hauteskundeetan, hortik aurrerago baizik.

Horregatik, ezkerretatik jakin behar dugu Venezuela zein garrantzitsua den Amerikarentzat zein munduarentzat. Amerikako ezkerra gorputz bat balitz, dudarik gabe, Venezuela, bere baliabide eta esperientziagatik, bihotza izango litzateke. Eta ezkerra gauza asko izan daiteke, baina batez ere bihotza da. Horregatik, igande honetan irabazten hasiko gara, eta ahalik eta tarterik handienarekin. Eta gero, Venezuelako herriak erakutsiko digu nola sakontzen den sozialismoaren eraikuntzan eta nola egiten dion aurre eskumari, kemenez. Eta hor egongo gara Euskal Herritik babesa emanez. Maduro, adiskide hori, eman gogor oligarkiari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo