GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hotzerian baino ez

Txin, txin, txin, txin, diruaren hotsa, harexek ematen dit dietetan poltsikoaren poza! Txin, txin... Haxe bai mezua stock-armairu garaian rap egiten zuten haiena! Bada hori, lehengoan gabaz disko-jogailuan doinua entzuten nengoela, hara!, zer eta frackinga pasatu zitzaidan buru aldetik. Nafarroako haustura pasatu ere, eta Esako urtegikoa, jakina. Nafarroako klima aldaketa. Ez nau harritzen Hego Koreako estatubatuarrek Nafarroari gehiago begiratzeak, Ipar Sudani baino. Tira, harira! Nazioarteko geopolitikan kristoren interesa ipini arren, Nafarroako Zerrenda alde batera utzi eta informatzen segitu nuen. Orria pasa eta hara!, zirko hutsa, umore asko, akrobazia ikusgarriak... Nafarroako Gobernua berriro!, pentsatu nuen aitaren batean. Baina ez, Cirque du Soleilgo iragarkia zen. Gaitz erdi!

Hala ere, zirko biek karpa zuri handia partekatu egiten dute edo. Aldea, zera, barrea bietan bermatuta, batean sartzean pagatu eta bestean irtetzean kobratzen dela, batean zein bestean errenta aitortu barik. Azken batean, aitorpenak egiteko elizan dira aitorlekuak, bazterrean izan arren. Bestelako kontua da Nafarroako Zerrendako Elizaren lehentasuna gaur gaurkoz bere ondasun higigarriak legeztatzen ibiltzea, orube etikoen izenean errenta handitzeko. Itxura batean, jainkoaren legea ez omen zaie nahikoa! Harira, demontre! Dietan jarrai! hartu ei zuten lema batzuek, poltsikoa pozteko. Edo hobeto, dietetan jarrai! Baina, jakina, jainkoaren errege-dekretua hau ere, ez dezala poltsiko batek jakin bestean gordeta zenbat dagoen! Bai, ulertzekoa da gobernukide ohien justifikazio antzeko hori, egun osoan bilerarik bilera, idazluma eskuetan, zeinek denbora izan eskua bere poltsikoan sartzeko? Batzuetan potrozorri bihurriak sexu-organoari escrachean ibilita ere ez. Hortxe osasunaren garrantzia, hotzeria harrapatu arte ez baitute horiek eskua poltsikoratzen, paperezko mukizapi bila baino ez bada ere. Dena dela, ezkor aktiboa izate aldera, bada zerbait positiboa Nafarroako Gobernuaren ezinean, ingelesaren aldeko apustuak emandako fruitua, haltzak ematen ez duena. Hortaz, ingelesa zabaldu eta gizenduz doa Iruñeko kale nagusietan, Sanferminek oraindik hiri zaharreko karrikak bete ez badituzte ere. Go home!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo