GARA > Idatzia > Ekonomia

Abadiñotik Elorriora oinez, Iketz eta San Eloy enpresak itxi ez ditzaten eskatuz

Iketz eta San Eloy enpresen etorkizuna eta 210 lanpostu kinka larrian daudela salatzeko manifestazioa egin zuten atzo hamarka herritarrek. Itxiera saihesteko, Lakuako Gobernuaren inplikazioa eskatu zuten.

p027_f02.jpg

GARA | ELORRIO

«Iketz eta San Eloy ez itxi» zioen pankartari eutsiz ekin zioten atzo Abadiñotik Elorriorako ibilbideari eskualdeko hamarka herritarrek, bailarako 210 herritarri lanpostua ematen dioten bi enpresen itxierari ezetz esateko asmoz. Azken urteetan inguruko zenbait enpresa txiki, Fhitasa eta Material Aislante kasu, itxi beharrean ikusi direla-eta, industriaren galerak lanpostuetan ekar ditzakeen ondorioengatik kezkatuta daude herritarrak.

2012ko irailean San Eloy taldeak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuen, eta LAB sindikatuak salatu zuenez, «ordutik hartutako gestio erabakiek egoera okertu dute». Egoera ikusirik, taldeko zenbait inbertitzailek alde egitea erabaki dute, eroslerik bilatu gabe eta enpresaren etorkizuna kolokan utzita. Erabaki horren aurrean, inbertitzaileen «arduragabekeria» salatu zuen LABek.

Taldearen gainbeheran eragin duen beste faktore garrantzitsu bat da Volkswagen taldeak taldearekin lan egiteari utzi izana. San Eloy eta Iketzen bezero nagusia zen Volkswagen orain arte, eta azken honen erabakiak soldatak %18 eta %31 artean jaitsi behar izatera eraman zituen langileak. Gainerakoan produkzioa eten eta langile guztiak kaleratu beharko zituzten.

Horretaz gain, apiril hasieran enplegua eteteko erregulazio espediente bat aurkeztu zuen taldeak, nahiz eta oraingoz ez dagoen indarrean. LABek adierazi zuenez, produkzioko lantaldeak «normaltasunez» egiten du lan gaur-gaurkoz.

Lakuaren erantzukizuna

Lakuako Gobernuak San Eloy eta Iketz enpresen funtzionamenduan izandako erantzukizuna azpimarratu zuen LABek, guztira 3,4 milioi inbertitu baititu bi enpresetan. Zehazki, 2010ean 1,3 milioiko laguntza eman zion San Eloyri eta 600.000 eurokoa, Iketzi. Urtebete beranduago, 1,5 milioi gehiago inbertitu zituen taldean. LABen esanetan, ordea, Gasteizko Gobernuak ez zuen behar bezala kontrolatu diru hori zertan erabili zen.

Horrela, Lakuak San Eloy taldean %18ko parte hartzea duela kontuan izanik, gatazkan bitartekari lanak egin ditzala eskatu dio sindikatuak, besteak beste, Volkswageni San Eloyrekin berriro ere lanean hastea proposatuz.

Eskualdeko udalen inplikazioa ere eskatu du LABek. Ildo horretan, zentsura mozioa onartu zuen ostiralean Abadiñoko Udalak. Hurrengo egunetan bi enpresak irekita mantentzeko eskaera bideratuko du gainerako instituzioetara.

3,4 milioi

Guztira 3,4 milioi euro inbertitu ditu Lakuako Gobernuak San Eloy taldean eta %18ren jabe da. Horregatik, itxiera saihesteko gestioak egin ditzala eskatu dio LAB sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo