GARA > Idatzia > Kultura

Itxaropena zabaltzen duten «Bele Xuriak» hurbildu ditu Dirassarrek

Oroitzapenak eta gogoetak biltzen ditu Janbattitt Dirassarrek idatzi duen «Bele Xuriak» (Elkar) liburuak. Izenburu deigarri honekin itxaropen mezua zabaldu nahi du, Elizari, politikari, euskal nortasunari zein ingurumenari buruzko ideiak partekatuz.

p052_f01.jpg

KAZETA.INFO | ZIBURU

«Nehori deus galde egin gabe idatzi dut. Nerea da, nihaurretik aritu naiz», azaldu zuen idazleak liburu berria eskuan zuela. «Bururat heldu zitzaizkidan guziak eman ditut, batzuk laburzki eta besteak luzeago».

Kontakizun pertsonalak direla nabarmendu zuen, historiaren ondoan diren istorioak: «Oroitzapenak dira, ez dira lotuak gertakari handiei. Batzuetan oroitzapen xumeak dira, esaterako emazte batek arno botila bat oparitu zidalarik, bere semeak medaila bat irabazi zuela idatzi nuen artikuluagatik eskertzeko».

Xumeetatik gai premiatsuetara egiten du salto gogoeten ibilbidean Dirassarrek: «Ez dut nahi kausitu norbait guziz ados dena, ez dut erraten zein den bidea. Gai berezi eta premiatsuetan bai erraten dut, bi dira nagusiki. Inguramenarena, gure lurrarendako errespetua eta gure nortasunarena, gure arteko kalapitak utzi behar ditugu».

Gai anitzak

Baina bele zurien artean atzematen diren gaiak mota guztietakoak dira, esaterako emazteen apezgoari buruzko gogoeta ere egiten du, eta liburua irakurri dutenen artean gehien aipatua denetako bat da gainera. Anitzek feminista dela erraten omen diote, baina berak ez du bere burua horrela ikusten. «Emazteak anitz aipatzen ditut. Ikusi behar da mendez mende pairatu duten bereizkuntza eta apaltzea», kontatu zigun.

Elizari buruzko bestelako gaiak ere jorratzen ditu. «Eliza jorratzen dut, biziki. Badira Eliza sobera kritikatzen dudala pentsatzen dutenak. Ez da batere nire gaia, nik Eliza ikusten dut gainekoa eta behekoa». Irribarre batez gehitu zuen: «Behin erran zidaten, `zu zara katoliko pixka bat protestantea'».

Politikariei buruzko iritzia ere plazaratzen du; bere ustez, egun batean gauza bat erran eta hurrengoan kontrakoa erraten dute. Politikaren munduaren baitan, frantses eta euskaldun munduen artean den bereizketari buruzko kontakizun bat ere gogoan du Dirassarrek. Donibane Lohizuneko auzapez izandako Andre Ithurraldek lehen aldian ikusi zuenean izan zuen ongietorri «biziki hotza» eta izan zituen «erasiak» ere kontatzen ditu. Aldiz, Hazparne aldeko euskalduna zela erran ziolarik, «beste gizon bat izan nuen aitzinean, goxoan mintzatu ginen euskaldun nintzela jakitean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo