GARA > Idatzia > Euskal Herria

750 tona hondakin jasoko dituzte Bermeon Alde Zaharreko sutearen ondotik

Zerbitzuetako zinegotziak, Juan Carlos Agirrek, azaldu zuenez, atzo eta gaur egunean hamabi orduz lanean aritzea erabaki zuten, bereziki Nardiztar Jon kalean, sua piztu zen lekuan.

p022_f01.jpg

GARA | BERMEO

Bermeoko Udalak aurreikusi duenez, ostegunean Alde Zaharrean sute larria izandako eremuan orotara 750 tona zabor jasoko ditu asteburu honetan. Hamaika eraikin kaltetu zituen suak. Juan Carlos Agirre Zerbitzuetako zinegotziak Efe agentziari adierazi zionez, atzo eta gaur egunean hamabi orduz lan egiteko asmoa zuten, hondakinak bildu eta ingurua garbitzeko, batez ere Nardiztar Jon kalea.

Lan horietan kale horretako hamabost denda eta ostatuak ere laguntzen ari dira, bidea biharko irekitzeko helburuarekin. Bada inguru bat, ordea, oraindik garbitu ezin dena, Polizia zientifikoak sugarrak zerk eragin zituen argitzeko ikerketa buka dezan itxaron beharra baitago.

Atzo, Babes Zibileko, Udaleko talde teknikoko eta Gurutze Gorriko kideak aritu ziren Alde Zaharrean lanean. Azken hau jendeari laguntzen eta babes psikologikoa ematen jardun zen. Agirrek nabarmendu zuenez, arlo hori zaintzea beharrezkoa baita, egunak igarotzen diren neurrian, kaltetuak «dramaren neurriaz konturatzen joaten baitira eta okerrera egiten baitute, bereziki ezer gabe gelditu diren pertsonak».

Hala, Gurutze Gorriaren lana goraipatu zuen: «Etxea, arropa edo arreta emateko ahalegin guztiak eginda ere, ez da aski izaten, norbaitek dena galtzen duenean duintasuna bera ere galtzen duela ematen baitu. Gurutze Gorriaren lana zoragarria da».

Udala ere laguntza eta babes keinu anitz jasotzen ari dela nabarmendu zuen zinegotziak, eta horiek indar izugarria ematen dietela agertu zuen.

Atzo, etxerik gabe gelditu diren 35 familietatik zazpik hartu zuten ostatu Udalaren bizilekuetan, eta heldu den astean Bizkaiko Aldundiak eta Busturialdeko Mankomunitateak eskainitako beste etxebizitza batzuk izango dituzte eskura.

Bizitokia utzi behar izan zuten gainerako lagunetatik, 22 hainbat hoteletan gelditu dira eta gainerakoei senitarteko edo lagunek eman diete aterpea.

Telefono zerbitzua

Bitartean, Telefonicak azaldu zuenez, Bermeon dituen bezeroak identifikatzen ari da, telefono finko zerbitzurik gabe gelditu direnei linea mugikorrera desbideratzeko aukera proposatzeko. Zehaztu zutenez, enpresako langileak banan-banan jartzen ari dira harremanetan bezeroekin.

Alternatibak bilatzen ari ziren Telefonicarekin Internet zerbitzua kontratatua dutenek datuak gal ez ditzaten, eta Udalari ere, konpainia honen bezeroa izan ez arren, laguntza eskaini zion.

BABES HANDIA

Kaltetuak Gurutze Gorriaren laguntza psikologikoa jasotzen ari dira, eta Bermeoko herria ere babes handia jasotzen ari da, Juan Carlos Agirre Zerbitzuetako zinegotziak adierazi zuenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo