Atal Ofiziala bukatuta, klasikoak eta dokumentalak dakartza Bilboko Zinemaldi Fantastikoak
Hego Koreako «The kings of pigs» eta Gabriel Carrer zuzendari kanadarrak berak aurkeztutako «In the house of flies» izan dira lehian parte hartu duten azken filmak. Gaur, «Los pájaros» maisulana emango dute.
A.H. | BILBO
Atal Ofizialeko emanaldiak bukatuta, bestelako filmak eskainiko ditu gaur Fant 19 jaialdiko egitarauak. Hasteko, Alondegian, 17.30ean, Alfred Hitchcocken «Los pájaros» izango dugu ikusgai. Aski ezaguna bada ere, gaurkoa da, dudarik gabe, klasiko hau pantaila handian ikusteko dauden aukera urrietako bat.
Horren ostean, 19.45ean, Oriol Pauloren «El cuerpo» emango dute. Hain zuzen, ostiralean Fantrobia saria jasoko duen aktore Aura Garridok parte hartzen du filmean. Azkenik, Rodney Ascher estatubatuarrak zuzendutako «Room 237» dokumentalak emango dio amaiera Alondegiko gaurko saioari.
«Room 237»
Film berezi hau Stanley Kubricken ospe handiko «The shining» filmak ezkutatzen dituen mezuen inguruko teoria ezberdinak azaltzen dituen joera esperimentaleko dokumentala da. Izenburuak Overlook hoteleko, hau da, ekintza gertatzen den hoteleko 237. logela kezkagarriari egiten dio keinua.
Campos Eliseos antzokiko Cupula aretoan, berriz, lehiatik kanpo, beste bi film daude programatuta: Takashi Miike japoniarraren «La gran guerra yokai» eta AEBetako Ti Westen «La casa del diablo».
Aurreko egunetan gertatu bezala, Fantek beste bi zinemagileren bisita jaso zuen atzo, bai hedabideekin bai ikusleekin mintzatzeko: Kanadako «In the house of flies» filmaren zuzendariak Gabriel Carrer eta gidoilari Angus Mc Lellan.
Zuloan
Atzoko emanaldia izan zen filmaren Europa mailako estreinaldia. Gonbidapena eta «Bilboko aire freskoa» eskertuz, Carrerek eta McLellanek bi asteko filmaketaren sekretuak kontatu zituzten. Soto batean beraiek eraikitako zuloan lan egin behar izan zuten aktore bik (filmean psikopata batek bahituta, jakina), egunero 13 orduko lansaioak eginez. Mc Lellanek azaldu zuen, esaterako, egunak pasa ahala gero eta txarragoa zela talde osoaren egoera fisikoa. Bestalde, filmean izaera kanadarra azpimarratu nahi izan dutela adierazi zuten.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak - Fant 19k, fantasiazko generoan gero eta indar handiagoa duen pertsona edo taldea saritzen duen Fantrobia saria emango dio Aura Garrido antzezleari. Ostiralean, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan izango den zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko du saria.
1989an Madrilen jaioa, antzezle gazte honek familiatik hartu zuen artearekiko grina: aita musikagile eta orkestra-zuzendaria du, ama margolaria eta, amaren aldetik, amama eta izebak opera-kantari izan zituen. Institutuko ikasketak amaitu eta gero, Testu Interpretazio ikasketak hasi zituen Resad-en. Aurak parte hartu izan du «Planes para mañana» (Juana Macias, 2010), «Promoción fantasma» (Javier Ruiz Caldera, 2012) eta «Viral» (Lucas Figueroa, 2013) filmetan, baita gaur, 19.45ean, Alondegian ikusi ahal izango den Oriol Pauloren «El cuerpo» luzean ere. Pauloren bigarren filma da. Lehendik bide luzea jorratua du gidoigintzan zein telebistan. «El cuerpo» Alfred Hitchcockek edota Brian de Palmak jorratutako lanen ildokoa da. GARA