GARA > Idatzia > Kultura

Kaleko hamaika ikuskizun eskainiko dira Arrigorriagan asteburu honetan

GARA | ARRIGORRIAGA

Zirkua eta kaleko arteak ezaugarri nagusi dituzten hamaika ikuskizun izango dira ikusgai maiatzaren 10etik 12ra Arrigorriagako XVIII. Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdian.

Atzo emandako prentsaurrekoan, Arrigorriagako alkate Asier Albizuak, herriak «jaialdi ireki eta parte hartzailearen aldeko apustua» egiten duela azpimarratzeaz gain, ekimenaren ardatz nagusiak ezagutarazi zituzten; hala nola, Euskal Herriko, Estatu espainoleko eta beste estatuetako artistak biltzen dituela; keinuen lengoaia eta hizkuntza ezberdinak tartekatzen dituela eta umorean oinarritutako ikuskizunak eskaintzen dituela.

Egitarau ederra

Aldundiko Kultura zuzendari Gonzalo Olabarriak, berriz, «Arrigorriaga artez eta umorez beteko duen egitasmoa» dela aipatzearekin batera, ikusle berrien aldeko apustua nabarmendu du, «egitarauan ikasle eta gazteen aldeko ikastaroak tartekatzen direlako».

Jaialdiak Udaletxe plaza izango du aurten agertoki nagusi eta ostiralean abiatuko dira ekitaldiak. Cia. Estropiziok aurkeztuko dituen bi trapezio ikuskizun eta Jon Zabal magoaren ilusionismo saioarekin hasiko da. Egitarauak larunbat goizean jarraituko du Por Humor al Arte konpainiak antzeztuko duen «Kajaestán» lanarekin eta, arratsaldean, berriz, Tiritirantes-ek «Patas arriba» trapezio ikuskizuna eskainiko du; Colas Rouanet malabarista frantziarrak «Notre vie...» lana eskainiko du eta, azkenik, eguneko egitaraua biribiltzeko Belgikako D'Irque & Fien taldeak «Carrousel des moutons» lan erakargarria eramango du oholtza gainera.

Malas Compañias taldearen `Orsai' lanarekin abiatuko dira eguerdian igandeko saioak, eta arratsaldean, David Batllol-ek pilotekin egiten duen malabarismo ikuskizuna eskainiko du; Cie. Steren frantziarrak `pupazzi'etan oinarritutako proposamena eskainiko du; Zanguango Teatrok `Aquí va a pasar algo' komedia hunkigarria eskainiko du.

Doan

Saio guztiak doakoak dira eta adin guztietako ikusleentzat antolatu ditu Arrigorriagako Udalak. Ikuskizunez gain, beste zenbait ekitaldi iragartzen ditu egitarauak; tartean, Luciano Federicok gazteei eskainiko dien esgrima ikastaroa edo Koblakari eta Zirkozaurrek haurrak zirku arteetara hurbiltzeko prestatutako tailerrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo