GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

POLIZIA FRANTSESEN ETA ESPAINOLEN BESTE OPERAZIO BAT

«Nanclares biderik ez da», dio Madrilek, Lasarteri emandako baimenaren harira

GARA | DONOSTIA

Atxiloketak baloratzeko egin zuen agerraldian, presoen aferaz galdetu zioten Barne ministroari, atzo bertan jakin baitzen Valentin Lasarteri estreinakoz kalera ateratzeko hiru eguneko baimena eman diotela. «Nanclares bidea» deiturikoari heldu dio Lasartek, baina Jorge Fernandez Diazek errotik moztu nahi izan zituen horren inguruko espekulazioak. «Nanclares biderik ez dago», berretsi zuen, azken asteotako diskurtsoari eutsiz.

«`Bidea' dei dezakegun ezer ez zegoen hor -zehaztu zuen-. Ez zen zuzenbidean oinarritutako bidea, egintzetan baizik».

«Baina honek ez du esan nahi guk birgizarteratzea bultzatu behar ez dugunik -erantsi zuen jarraian Fernandez Diezek-. Legearen barruan egingo dugu, Konstituzioak horrela agintzen baitu. Birgizarteratzea ez bultzatzea Konstituzioaren aurka egitea litzateke».

«Nanclares bidea» baztertu ondoren, iaz aurkeztu zuen Birgizarteratze Plana garatu nahi dutela esan zuen Barne ministroak.

Orokorrean, euskal presoak oker zeudela argudiatu zuen Fernandezek, «garai batean, negoziazioaren bitartez eta damurik agertu gabe kaleratzeak, hurbiltzeak, gaixo diren presoak ateratzea... hori guztia lortuko zela pentsatu zuten, ordainsaririk ordaindu gabe. Baina ez da horrela izango, legea betearazi behar dugu», esan zuen (espainiar legediak, besteak beste, gaixorik dauden presoak kalean egon behar dutela argi uzten duen arren).

Hau guztia Lasarteri emandako baimenaren harira nabarmendu zuen Gobernu espainoleko ordezkariak. Erabakia Auzitegi Nazional espainolak hartu zuen, Fernando Grande-Marlaska buru duen areto baten bidez. Damua agertu duelako eman diote hiru egunez espetxetik irteteko baimena. Baldintza batzuk bete beharko ditu; esaterako, denbora apur hori Euskal Herritik kanpo pasatzea.

Lasarte 1996. urtean hartu zuten preso, eta 2009. urtean bigarren gradua eskuratu zuen. Ez dago Euskal Preso Politikoen Kolektiboan. Antza denez, berak eskatu du baimena Euskal Herritik kanpo pasatzea, «biktimen sentimenduei kalterik ez egiteko», Auzitegi Nazional espainolak dioenez.

Biktimen hainbat elkarte neurri honen aurka agertu zen, esaterako Covite eta AVT. Epaiketetan ez dituela bere lehengo kideak salatu argudiatzen dute.

MALESTAR EN EL PP

El grupo del PP se mostró muy molesto por tener que hablar de la tortura en el Senado. Lo reflejó en los abucheos a Goioaga y en las ovaciones artificiales con que respaldó cada frase de Rajoy, tuvieran contenido o no.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo