GARA > Idatzia > Kultura

Lou Olanguaren rock and rollak dantzan jarriko du bihar Zarautz, Arraio Irratiaren 7. urteurrenean

Lou Olanguaren omenez, Anestesiak O.K. Korralen bertsioak egingo ditu. Lobo Electrico, The Safety Pins, Desastrozombies, Nuevo Catecismo Catolico... ere izango dira Putzuzulo gaztetxean, gonbidatu askoren artean.

Ane ARRUTI | ZARAUTZ

80ko hamarkadatik, urte luzez isilik egon ondoren, 2006ko maiatzaren 20an Zarauzko Arraio Irratiak berriro ere uhinak bidaltzeari ekin zion, oraingoan Putzuzulo gaztetxetik. Herriko irrati librearen berpizkundea ospatuz, O.K. Korral taldeak bere azken kontzertua eskaini zuen orduan. Orain, zazpigarren urteurrenean, irratiak omenaldia eskaini nahi dio irratiarekin lotura estua izan zuen eta urtarrilean zendu zen Lou Olangua taldeko abeslariari.

Horretarako, «berari gustatuko litzaiokeen bezala», kontzertu berezi bat prestatu dute larunbat gauerako. 20.30ean hasita, Anestesia taldeak O.K. Korralen kantuen bertsioak egingo ditu eta beste hainbat talde ere izango dira bertan: Lobo Electrico -Humedecidos, Louren aurreko taldearen bertsioak egingo dituzte-, The Safety Pins, Desastrozombies, Nuevo Catecismo Catolico, Vincent Von Reverb eta bere bakero elektrikoak...

Talde hauez gain, gonbidatu mordoa pasako dira oholtza gainetik. Iragarri dituztenen artean daude Dani Ulacia (O.K. Korral, Humedecidos, Labanak), Izaskun (2 Kate), Jose Dolz (Shock Treatment, Telepath Boys), Dani Mortaja (N.A.D.), Eneko Etxeandia (Teen Dogs, Safety Pins, NCC), Riki Andrade (Los Clavos, Cujo, El Inquilino Comunista), Manute Lertxundi (Teen Dogs), Juanma Dagger (Hell Division, Dictadura), Patxi Txukulum (Astrozombies) eta Nando Romero (Nanines).

«Karteltzarra» horixe da, baina sorpresaz beteriko gaua iragarri dute eta ziur inprobisazioak ere izango duela bere tokia hainbeste musikari bilduko dituen jaian. Sarrera bost eurokoa izango da, Putzuzulon bertan egongo dira salgai.

Lourdes Olangua «Lou» 1958ko abenduaren 15ean jaio zen Zarautzen eta pasa den urtarrilaren 12an hil zen minbiziak gaindituta. Humedecidos punk taldean hasi zen eta 1985ean O.K. Korral taldearen sortzaileetako bat izan zen. RRV garaian rock and rolla eta rockabillya euskaraz abesten aitzindariak izan ziren eta Lou, berriz, urte haietan mikrofonoari eusten zion emakume bakarrenetakoa.

Bi disko grabatu zituzten: «O.K. Korral» (Elkar, 1986) eta «Beti gogor beti mozkor» (Elkar, 1989). Banda desegin ondoren, Las Lagartas taldean aritu zen Lou. Kolaborazioak ere egin zituen The Covers eta Lusty Men taldeekin. Biharkoan, musikak emandako lagun guztiak bilduko dira Zarautzen.

Aste osoko egitaraua

Arraio irratia bere urtebetetze egunean, astelehenean murgildu zen ospakizunetan. Aste osoan zehar irratsaio bereziak, hitzaldiak eta Hala Bedi bezalako irrati libreen esperientzia ezagutzeko aukera izan da, besteak beste. Bihar ere egun osoko egitaraua prestatu dute. 12.00etan pilota partidak eta 14.30ean, bazkaria gaztetxean. Bazkalostean Jon Plazaolaren bakarrizketa saioa eta Imanolen magia erakustaldia izango dira eta kontzertuaren aurretik poteo musikatua.

GONBIDATUAK

Kontzertua 20.30ean hasiko da eta iragarritako taldeez gain, gonbidatuak ere igoko dira oholtzara: Dani Ulacia, Jose Dolz, Dani Mortaja, Eneko Etxeandia, Riki Andrade eta Manute Lertxundi, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo