GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

berria | Jon Ordoñez 2013/6/19

Langile integralak

Izena aldatu zioten, eta Segurtasun Saila deitu zuten. Polizia integrala da, berdin-berdin balio du futbol partida baten ondoren kalean borroka bat galarazteko edo desjabetze bat gauzatzeko. Rodolfo Aresek aurreko astean esan zuen Ertzaintzak ez duela kontzienteki minik egiten. Ez, noski. Agindutakoa betetzen du, agindua edozein delarik ere; horretarako baita Polizia integrala, osoa. Atzo Troquenor lantegia desjabetzen parte hartu zuen.

Ez da askorik aldatu Ertzaintza Herrizaingo Saila Segurtasun Sail denetik. Atzokoa Kukutza gaztetxea hustu zuen Polizia bera da. Kontua da Kukutzakoak «betikoak» zirela munduko alkate onenaren ahotan. Troquenorrekoak, berriz, dozenaka urtean lanean aritutakoak dira, etorkizunari begiratu eta segurtasun gutxi ikusten dutenak. Guztiaren gainetik, baina, langile integralak direla erakutsi dute, eta langile osoak direlako defendatu dituzte euren lanpostuak, ertzainek kanporatu dituzten arte. Eta eredu bihurtu dira, polizia ereduak eta gobernu ereduak sortzen diren modu berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo