1813ko Gasteizko bataila, Napoleon zanpatu zuen gudu laudatua
Napoleon Europako enperadorea zen. Herrialde ugari menperatu zituen eta denak zituen bere zerbitzura, menderatzaileak okerreko pausoa noiz emango zain. Euskal Herria ere tropa napoleonikoen esku zegoen, baina ezustean harrapatu zituzten aliatuek eta 1813an izan zen guduan ihesi atera behar izan zuten. Gasteiz Europako itxaropena bilakatu zen; Europak Gasteizko Bataila ospatu zuen.
Nagore BELASTEGI
Berrehun urte atzerago, ekainaren 21ean, Gasteiz hiriko inguruetan bolbora usaina zen airean eta kolore gorria gailendu zen: odolarena eta aliatuen uniformeena. Horrela hasi zen Napoleon enperadorearen gainbehera, garaitezina zen militar haren lehenengo okerreko pausoa, Europa osoak ospatu zuena. Austriak, Errusiak, Suediak eta Prusiak enperadorearekin adosten ari ziren hitzarmenak eten zituzten eta, itxaropentsu, altxatu egin ziren urrian, Leipzigen, Bonaparteren inperioa zapuzteko.
Amaieraren hasiera izan zelako, Europa osoak gogoan du Battle of Vitoria delakoa; alegia, Gasteizko 1813ko gudua -Beethovenek sinfonia bat eskaini zion, pozaren pozez-, baina ordutik aurrera historia liburuetan tarte bat izan zuen hiriko egungo biztanleek ez omen diote garrantzia handirik ematen egunero zapaltzen dituzten kaleetan gertatu zenari. Gudu hura ezagutarazteko ospakizun ugari ari dira egiten asteburu honetan, bai Gasteizen bai inguruan, non gerraren aztarna askoz bortitzagoa izan zen.
Euskal Herria leku estrategiko bat zen Napoleonentzat, Estatu frantsesaren mugatik hurbil egoteaz gain Portugal konkistatzeko pasabide egokia zelako. Aitzakia horrekin hainbat hiri okupatu zituzten, Espainiako errege Fernando VII.aren baimenarekin. Urte ugari eman zituzten frantsesek Gasteizen, baina herria mesfidati zegoen: 8.000 biztanleko hiri batean 10.000 soldadutik gora egotea ez zitzaien egokia iruditzen. Fernando VII.ak koroa utzi behar izan zuen Napoleonek behartuta eta bere anaia, Jose Bonaparte, errege izendatu zuen Gasteizko Plaza Berrian.
Ekainaren 19an iritsi zen Lautadara Armada Inperiala, aliatuen tropak atzetik zituela, erasotzeko prest. Aliatuek, Alava jeneralak eta Wellingtongo dukeak gidatuta, inguruak miatu zituzten ekainaren 21eko goizean soldadu napoleonikoei ezustean eraso egiteko.
Asteburu honetako ospakizunen baitan hainbat antzezpen egin dituzte jendeak une hori nolakoa izan zen irudikatzeko: 400 lagun tiroka aritu ziren, benetan milaka baziren ere. 1813an gertatu bezala, atzo ere aliatuek aurrera egin zuten eta soldadu inperialak ihesi joan ziren. Arratsaldean Armentiako zelaietan borrokatu ziren berriro etea Jose Bonaparte Gasteiztik betirako uxatu zuten.
Hiriko erdigunean oso bestelakoa zen giroa. Ez zegoen ez baioneta ez bolborarik. Eguraldi apartak jendea kalera aterarazi zuen, horietatik asko jakin-minak jota, bigarren mendeurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartzera. Emilio Lopez de Arana Udalak antolatutako bisita gidatu berezietako batean zegoen, milaka aldiz zeharkatu dituen kaleetan barrena. Gasteiztarra da, taldeko gehientsuenak bezala. «Badakit 1813an gerra bat egon zela, eta garrantzitsua izan zela, baina konturatu naiz ez dakidala askorik nire hiriaren historiari buruz -aitortu zuen-; horregatik etorri naiz bisitara, norbaitek Gasteizen historiari buruz zerbait galdetuz gero erantzuten jakin ahal izateko».
Gasteiztarrek, beraz, badakite gogoangarria izan zela 1813ko ekaineko pasarte hura, baina euren «heroien» inguruan ez dakite askorik. Ez dakite, adibidez, hiria benetan salbatu zuena Alava jenerala izan zela, gudua amaiturik Gasteizera joan, gelditzen ziren soldatuak bota eta ateak itxi zituelako (une honen antzezpena bihar 12.30ean egingo dute Gasteizko kaleetan zehar). Soldatu aliatuek sari bat nahi zuten, eta hiria arpilatzeko asmoa zuten. Ateak itxita aurkitu zituztenez, gudu-zelaira itzuli ziren eta frantsesek utzitako bitxi, armak eta urrea eurentzat hartu zituzten. Gasteiz zaurituta zegoen, baina Alava jeneralak izan zuen erreakzio azkarrari esker, pixkanaka sendatzen hasi zen. Gasteiz bere hiria zen eta ez zuen inolako kalterik izaterik nahi.
Donostian, ordea, ez zuen berdin jokatu. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuan ere baziren tropa napoleonikoak, Portugal konkistatzeko asmo berarekin. Gasteizko guduan izandako garaipenarekin indartuta, frantsesak Donostiatik botatzeko asmotan borrokatu ziren aliatuak, eta irabazle atera ziren berriro. Bertan ere sari bat nahi zuten, eta hirian sartu ziren aurkitzen zuten guztia lapurtuz eta hiria suntsituz. Abuztuaren 31 zen.
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan dago batailari eskainitako monumentu erraldoia, guduaren lehenengo mendeurrenean eraikia. Agertoki bilakatu zen atzo, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Oihane Perea bertsolarientzat. Horiek ere presente izan zuten hemendik gutxira berrehun urte beteko dituen Donostiako gertaera eta kritiko azaldu ziren Gasteizko Batailarekin. «Donostian etsai bihurtu ziren/ hemen lagunak zirenak», bota zuen Lizasok horren inguruan. Hala ere, bertsolariek ez zioten muzin egin historiaz busti eta entzuleen artean zabaltzeari, hori baita berrehungarren urteurren honen ospakizunen helburu nagusia. «Irabazle da talde txiki bat/ ta galtzaile gehiengoa», gogoratu zuen Egañak, Perearen aldarrikapenei bide emateko: «Gure biktoria pendiente dago / baina hori iritsiko da». Irribarreak, txaloak eta onespenak ikusle iaioen artean. Barreak entzun ziren, berriz, Egañak Montehermosoko markesari, Jose Bonaparteren ustezko maitaleari, aipu egin zionean: «zaldiko gerra baino hobe da/ behorreko maitasuna».
Markesa bera, Alava jenerala eta Wellingtongo dukea izan ziren atzo gauean, guduari eskainitako monumentuan antzeztu zuten «La ciudad salvada» obran. Bertan, jenerala «heroi» moduan irudikatu zuten, gasteiztarrentzat une horretan hala izan zelako. Gure garai ekonomiko latz honetaz jabetu izan balitz bezala, borrokara deitu zituen herritarrak, «kanoirik gabe» hersturaren kontra egin dezaten.
Guda guztietan bezala, «heroiak» ez dira hain onak izan (Alava jeneralak ondoren Donostian egin zituenak ikusita) eta «doilorrak» ere ez ziren hain maltzurrak izan. Frantsesek, euren pentsamolde ilustratuari tiraka, ideia aurrerakoiak ekarri zituzten Arabara. Jose Bonapartek, errege izan zen denbora eskasean, erlijio-ordenak murriztu zituen dirua aurrezteko, giza askatasunak zabaldu zituen -tartean lanbide- eta prentsa-askatasuna-, eskola publikoa jarri zuen martxan eta pribilegio feudalak deuseztatu zituen. Euskaldunak oso erlijiosoak zirenez, mesfidati zeuden kleroak deabruaren parean jartzen zituelako, baina, dudarik gabe, modernitatearen bidean lehen pausoak ekarri zituen Jose Bonapartek.