GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marga Mosquera, Bittori Lantaron, Ana Perez | STEE-EILAS sindikatuko kideak

Eskola laikoa, noiz?

Wert erreforma gauzatuko balitz, erlijioa edo bere alternatiba derrigorrezko ikasgaiak lirateke maila guztietan, eta, beraz, batez besteko notarako kontutan hartu beharko lirateke

Ez dira garai onak laizismorako, ikastetxe publikoetan erlijioa ikasteko eskakizun gero eta gutxiago badago ere, gero eta argiago baitago nazional katolizismoak bizirik dirauela eta batzuk gauzak alda ez daitezen edozer gauza egiteko prest daudela.

Une honetan erlijioa derrigorrean eskaini behar da; eskaera bat nahikoa da ikastetxeak erlijio katolikoa ematea bermatzeko eta taldeko ikasle guztiak astean ordu eta erdi ikasgai «alternatiboan» ematera behartzeko (guztira 30 ordu ematen dira derrigorreko hezkuntzan). Beste hiru erlijiori ere aitortzen zaie ordutegi lektiboaren barruan presentzia izateko aukera (juduari, islamikoari eta ebanjelikoari), baina gutxienez sei eskaera izan behar dira ikastetxean, eta, gainera, arazoak izaten dira irakasle tituludunak eta ikasgaia emateko prest daudenak topatzeko.

Orain artean batxilergoan ere erlijioa ikasteko baliabide guztiak jartzen zitzaizkion nahi zuenari, baina ordubete gehiago eman behar zuen institutuan beste ikaskideek baino. Munilla apezpikuak erabakia errekurritu egin zuen eta duela gutxi sententzia bat atera zen bere alde: hemendik aurrera, ikasle bakar batek erlijio katolikoa ikastea eskatuz gero, ikaskide guztiak behartuta daude ikastetxean 33 ordu eta ez 32 emateko, eta, hala, derrigorrezko hezkuntzan bezala, ikasgai «alternatiboa» ikasi beharko dute. Oso irribarretsu atera zen tipoa hasiera batean, baina orain, hezkuntza komunitate osoa, Euskadiko Eskola Kontseilua barne, horren kontra atera delarik, serioago ikusten dugu. Orain arte batxilergoan ikasleen %4k eskatzen zuten erlijioa. Agian, orain, apezpikuari esker, gutxiago izango dira, gehienon onerako.

16 urtetik gorako gazteei ikastetxeko egonaldia ezer ez egiteko luzatzeak ez du zentzurik. Are gehiago, gehiegikeria dirudi horren zioa gutxi batzuek klase orduan katekesia jasotzea eskatu izana izatea. Eta, hori guztia, gainera, ezinbesteko errekurtsoetan murrizketak jasotzen ari garenean gertatzen ari da. Legeak eta justiziak, honetan ere, elkarri bizkarra ematen diote.

Wert erreforma gauzatuko balitz, erlijioa edo bere alternatiba derrigorrezko ikasgaiak lirateke maila guztietan, eta, beraz, batez besteko notarako kontuan hartu beharko lirateke. Baina hori oraindik ez da gertatu. Erlijioko irakasleek, besteek bezala, titulazio akademikoa behar dute (hizkuntza eskakizunekin malgutasun handiz jokatu dute), baina, horrez gain, dagokien elizaren baimena behar dute. Erlijio katolikoaren kasuan, Espainiako Apezpiku Batzarraren webgunean adierazten dute ezinbestekoak direla, besteak beste, bataio-agiria eta apezpikuaren baimena. Baimen hori irizpide moral eta erlijiosoetan oinarrituta dago, eta irakaslearen bizimodu kristau eta zuzena egiaztatzen du.

Apezpikuak, eman bezala, ukatu edo kendu ere egin dezake; agiri bakoitzak elizbarruti bakarrerako balio du. Irizpide horiek enplegu publikorako ohikoak diren meritu, gaitasun eta berdintasun irizpideetatik urrun samar ikusten ditugu.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako erlijio irakasleak MECen esku zeuden, baina 2011n Hezkuntza Sailera pasa ziren, eta, beraien sorpresa eta pozerako, kontratu finko eta jardun osokoa lortu zuten 183k. IRALEn kupo berezia ere eman zieten urte batzuetarako: 12 plaza ikasturte honetan, 24 hurrengoan... STEE-EILAS sindikatuak inoiz ez du ezer esan horri guztiari buruz, baina irakasle ordezkoen zerrendetan aurten lehenbizikoz gertatu dena salatu beharra dugu: erlijioa irakasteko izena eman, eta, horri esker, beste irakasgaietako zerrendetara pasatzeko aukera izan. Halaxe da, 150etik gora dira euren sinesmenei esker zerrenda anitzetan daudenak, eta, bitartean, milaka lagun daude izena ezin emanez, zerrendak itxita daudelako.

Bitxikeria gisa, garai batean erlijioaren bidetik sartu ziren 34 lagunek orain beste zerrendetan izena eman eta jatorrizko zerrendatik alde egin dutela esan dezakegu.

Adibide hori muturrera eramanda, Munillak eta bere tankerakoek erabakiko dute irakasle guztien kontratazioaz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo