eh jaietan
Marijataren jaitsierarekin gaur datoz Mungiako San Pedro jaiak
Gaur arratsaldean, San Pedro egunaren bezperan beraz, hasiko dira Mungiako jaiak, udaletxeko balkoitik txupinazoa bota eta Marijata jaisten denean. Festa giroaz ondo gozatzeko aukera izango da asteburu osoan zehar. Hurrengo astean iritsiko da jaietako bigarren txanpa, uztailaren 7an, igandean, bukatuko baitira jaiak Sukalki Egunarekin.
Manex ALTUNA |
Mungiako herritarrak irrikatan daude gaur arratsaldean San Pedro jaiei hasiera emateko. Eguerditik hasiko da sumatzen festarako giroa, aukera daukaten lagun kuadrillek bazkaltzeko hitzorduak egingo baitituzte festei ongi etorria emateko. Sanpedroak, urteko jairik garrantzitsuenak izaten dira Mungian, eta, azterketen amaierarekin batera heldu ohi direnez, jendetza batzen da.
Udalak zabaldutako egitarau ofizialean bertan Izaskun Uriagereka alkateak onartzen duenez, aurtengoan aurrekontuan murrizketak egin behar izan dituzte krisi ekonomikoak bultzatuta. Hala ere, Jai Batzordeak adin eta gustu guztietarako ekintzak antolatu dituela nabarmentzen du.
Gazteen parte hartzea sustatu nahi du Jai Batzordeak, Mungia kolorez eta bizitzaz betetzeko. Kaleko giroa berreskuratzea da helburua, eta, horregatik, aurtengo edizioaren kartelean Rafa San Roman, Txatola, gogoan izan dute. Herriko musikariek osatzen duten Txikuri fanfarreko bonboa bizkarrean hartu eta festako erritmoak ezartzen abilezia berezia baitzuen Txatola zenak.
Mungiako saskibaloi taldea izango da festetako beste protagonistetako bat. 25 urte betetzen ditu kirol elkarteak eta udaletxeko balkoitik jaietako pregoia irakurtzeko ohorea izango dute bertako kideek. Gaur 20.00etan izango da hori. Ordubete arinago abiatuko da kalejira Olentzeroren etxea aurkitzen den Izenaduba basotik. Gure Ametsa txistulari taldeak, dultzaineroek eta buruhandiek, festetako ikurra den Marijata udaletxeraino lagunduko dute euskal mitologiako pertsonai ezagunekin batera.
Gaztea irratiko esataria den Joseina Etxeberria arduratuko da txupinazoaren jaurtiketa aurkezteaz. Suziriak eztanda egin ondoren, Marijata udaletxeko balkoitik jaitsiko da festei hasiera ofiziala emanez. Fanfarreen doinuek dantzarako gogoa zabalduko dute herriko kaleetan zehar eta Matxin plazan disko festa izango da Oihan Vega DJaren eskutik. Playback txapelketa ere izango da.
Horrez gain, txosnetan EH Sukarra eta Su ta Gar taldeek kontzertu berezia eskainiko dute. Izan ere, bi taldeak eibartarrak dira eta abeslari nagusiak anaiak dira -Mikel eta Aitor Gorosabel, hurrenez hurren-. 190eko hamarkadan Euskal Herrian izandako talde esanguratsuenetakoak dira. EH Sukarra taldeak, gainera, disko berria atera du aurten aspaldiko partez.
Txosnak, betiko tokian
Azken urteotan eztabaida izan da txosnen kokapenaren inguruan. Izan ere, osasun zentro berria eraikitzeko lanek aldaketak ekarri dituzte txosnagunean. Datorren urtean ikusteke dago zer gertatuko den, baina aurten ohiko formatura itzuliko dira, azoka egiten den tokiak eskaintzen duen espazioa txikiagoa izango den arren. Herriko bederatzi kirol eta kultur elkartek zein beste hainbat eragilek jarriko dute txosna. Horien artean, Ingule Gazte Asanblada izango da, uztailaren 5ean ospatuko den Gazte Eguna antolatzeaz ere arduratu dena. Herri bazkaria eta kontzertu sorpresak iragarri dituzte.
Baina hori bigarren asteburuan izango da. Horren aurretik, festetako egun handia ospatuko da larunbatean. Festarako giroa lehen orduetatik nagusituko da San Pedro egunean. Eguerdirako kalejirak antolatu dituzte dultzainero, txistulari eta fanfarreekin. 13.00etan, berriz, bertso saioa egingo dute Andra Marin Sebastian Lizaso, Uxue Alberdi, Xabi Paya eta Jon Maia bertsolariekin.
Bazkalostean, profesionalen arteko esku pilota partidak izango dira, eta, kiroldegian, Kepa Deuna futbol txapelketako finalak. Markeliñe antzerki taldeak eta Txikuri fanfarreak ere herriko kaleak alaituko dituzte arratsaldean, eta bilbainadak ere entzun ahal izango dira. Gauean erromeria eta mariatxiak izango dira, eta, txosnetan, Dientes de Luna herriko taldea eta Alamedadosoulna madrildarrak izango dira. Su festa, larrain dantza eta Oskorri taldearen kontzertua izango dira festetako egun handiari bukaera emateko beste aukeretako batzuk.
Igandean, Baserritarren Eguna helduko da. Baserriko eta artisautzako produktuen erakusketa egingo dute Foruen plazan, eta, Torrebillela parkean, animaliak ikusteko parada egongo da. Gauean, Akerbeltz erromeria taldeak kontzertua eskainiko du txosnetan. Festek hurrengo asteburuan izango dute jarraipena, eta, azkenik, uztailaren 7an bukatuko dira Sukalki Egunarekin.