eh jaietan
Dimako sanpedroetan kuadrillen parte hartzea indartuko dute aurten
Hilabetetan zehar egindako lan ilunak bere fruituak eman ditu Arratiako herrian: adin eta jatorri ezberdinetako koadrilak froga ezberdinetan lehiatuko dira aurten lehendabiziko aldiz. Era honetan, herriaren inplikazioa eta eredu parte hartzailea indartu nahi da.
Mikel PASTOR |
Itziar Zabala eskalatzaileak txupinazoa botata hasi zituzten atzo aurtengo Dimako San Pedro jaiak. Aurretik, gozatzeko, dantzatzeko eta ederki pasatzeko hiru egun dituzte dimoztarrek.
Aurtengo edizioak berrikuntza nabarmenak izango ditu, gainera. Herriaren inplikazioa lortzeko Jai Batzordeak hilabeteetan egindako lan isilak emaitza ederra eman du, eta aurten lehendabiziko aldiz, inguruko beste herrien ereduari jarraiki, kuadrillen arteko txapelketa ospatuko da sanpedroetan.
Guztira, ehun bat pertsonak hartuko dute parte egun guztietan zehar egingo diren probetan. Xefe eta Haizea Ziarrustak GARAri azaldu ziotenez, kuadrillak «era naturalean sortu dira; hau da, betidanik ibili diren taldeak lehiaketan arituko dira. Umeak, helduak, gazteak... haien artean lehiatuko dira egun hauetan zehar». Ohiko lagun taldeez gain, kirol edo euskara elkarteek ere taldea batzea lortu dute.
Ziarrustarrek adierazi zutenez, plangintzak «sekulako aurrerapausoa ekar lezake Diman; azken finean, bestelako jai eredua, gertukoa, herrikoia, eraikitzen ari garelako». Ikusi beharko da auzokideek honi zein erantzun ematen dioten: «Nahiko baikor gaude arlo horretan. Aurreplangintzan, taldeekin hitz egiterakoan, jendeak ilusioa, inplikazioa eta parte hartzeko gogoa duela ikusi dugu. Ziur gaude erantzuna egokia izango dela», azaldu zuten. Dirudienez, kuadrilla horietako askok denbora luzea daramate jaiak eta bertan izango diren ekimenak prestatzen.
Bi proba eguneko
Esan bezala, kuadrilla bakoitzak egitarauan agertzen diren bi proba gainditu beharko ditu egunero. Atzo bertan, txupinazoaren ostean, tortilla txapelketan parte hartu behar izan zuten, eta gau partean, abesteko trebezia erakutsi behar izan zuten «Kanturik onena» saioan.
Parte hartzea sustatzeaz gain, Dimako Udalaren egoera ekonomikoarentzat lagungarri izango da jai-eredu hau: «Bai, parte hartzearen bidez diru asko aurrezten da, eta hori, gauden egoeran garrantzitsua da. Era berean, zozketa eta antzekoen bitartez dirua batzen saiatuko gara, sanpedroetako egun hauetan ez ezik, urtean zehar ere ekimenak antolatu ahal izateko».
Herriaren garbiketa ere auzokideen esku geldituko da. Goizeko zazpiak aldera, hamar pertsonako taldeak arduratuko dira horretaz. «Guk zikintzen duguna, guk garbitu beharko dugu», diote Diman