eh jaietan
Eskoriatzako sanpedroak: «casteller» eta guzti osatutako festa anitzak
Gaur arratsaldean parrokiako abesbatzaren pregoiarekin hasi, ilargipeko danbor doinuekin segi, eta irri, oihu, zalaparta eta dantzaz osatutako musikak ez du etenik izango lau egun eta gauetan. Tradizio handiko ekitaldiak, berriak -sokatira txapelketa eta «casteller» ikuskizuna, esaterako-, eta berreskuratutako bitxikeriak nahasiko dira, ondoko irudikoa bezalakoak. 1944ko sanpedroetan bezalaxe, buruhandien txirrindulari lasterketa egingo dute.
Maider IANTZI |
Ezagutzen dutenek nabarmentzen dute oso jai herrikoiak direla Eskoriatzako «sanpedruak». Herriko jende askok hartzen du parte, bai antolatzen eta bai prestatutako ekitaldietan gozatzen. Gaur, bezpera, arratsaldeko festa kanpaiak eta txupinazoa izango dira parranda hasi den seinale. Urtero talde edo pertsona bati ematen diote pregoia irakurtzeko aukera, herrian borondatez egiten duten lana eskertzeko, eta kantuan urte pila daraman parrokiako abesbatzaren txanda izango da orain.
Arantxa Unzueta Udaleko Kultura arloko teknikariak gaur gaueko nagusien danborrada azpimarratu du; 250 lagunek astinduko dituzte makilak urtez urte gero eta indar handiagoa hartzen ari den ekitaldian. Berrikuntzen artean, lehendabiziko aldiz egingo dute sokatira txapelketa, bi mailatan banatuta; alde batetik, 16 urtetik beherakoak, eta, bestetik, gorakoak. Gazteenek merienda izango dute sari, eta, helduagoek, urdaiazpiko eder bat.
Bihar, San Pedro Egunean, entzierro txikia egingo dute kartoizko zezenekin Bergarako errekortadore eskola ibiltarikoek lagunduta. Gero herriko bandaren kontzertua, beti jende andana biltzen duten esku pilota partidak (Otaegi-Zubizarreta /Oiarzabal-Galarza VI.a eta Eugi-Eulate/Capellan-Escudero), Turukutupa taldearen kale ikuskizuna eta duela hiruzpalau urte sortutako Eskoriatzako Burrunba Kelele batukadaren kalejira daude iragarrita. Gauean, aldiz, Euskal Herrian barna Xabier Lete oroituz dabilen «Sortuko dira besteak» ikuskizuna.
Igandean nagiak ateratzen ariko dira batzuk, bezperan besta ederra eginda gero, baina mereziko du ohatzetik eguerdirako behintzat altxatzeak, lehendabiziko aldiz Katalunia aldetik etorriko den Colla Falcons de Vilafranca taldearen casteller ikuskizuna bertatik bertara ezagutzeko. Unzuetak kontatu digunez, 40 bat lagun, heldu zein ume, arituko dira lehenengo kalean eta ondotik plazan irudiak egiten.
Bazkalondoren, tradizio handiko ekitaldi bat: XXII. Mus Txapelketa, sari tentagarriekin. Gazta, txakolina, dirua... eta, nola ez, txapel beltz preziatua. Atsedenerako tarterik gabe, Eingeinke gazte taldeak antolatutako kuadrillen arteko jokoak hasiko dira. Hirugarren aldiz egingo dituzte eta dozena bat kuadrillak parte hartzea espero dute. Hainbat proba prestatu dituzte herrian barna egiteko, bakoitza leku batean: plazan joko bat, bestea errekan... Helmuga txosna gunea izango da.
Txosna gunean
Aipatzekoa da herri anitzetan bezala Eskoriatzan ere txosnen guneko egitarauak osatzen duela «ofiziala». Iñigo Cabezafuego, Sumision City Blues eta AZ/DZren kontzertuak izango dira bihar, eta kuadrillen arteko bazkaria etzi. Jatekoa bakoitzaren kontu joango da, eta prestatzeko plantxa eta parrillak jarriko dituzte... «eta giroa ere gura beste!». Gauerdian, DJ El Vizkainorekin karaokea. Astelehenean, presoen aldeko elkarretaratzea egingo dute eta goizeko ordu batetik aitzinera jaiei amaiera ezin hobea emango diete.
Egitarau nagusira itzuliz, igandeko haurren danborrada aipatu du Arantxa Unzuetak, 160 ume inguru biltzen dituelako, 4 eta 14 urte bitartekoak, guraso, aitona-amona, beste senide eta lagunak begira dituztela. «Oso polita izaten da». Eta ondoren, ikusmin handia sortu duen ekimen berri bat: «Herrixa munduan eta mundua herrixan» ikuskizuna, bizilagunengandik sortua artea, kultura eta jende ugari nahasita. 60 herritarrek baino gehiagok parte hartuko dute, eguraldi ona egiten badu Gorosarri plazan, eta, euria bada, kiroldegian.
Asteleheneko Euskal Jaia egunik politena izaten da jende askorentzat, oso herrikoia baita. Baserritarrez janzten dira festazaleak, talogileak eta sagardo kupelak egoten dira herriko plazan, eta 300 lagun inguru batzen dira bazkarian. Kultura teknikariak jakinarazi digu aurten buruhandien txirrindulari lasterketa antolatu dutela, argazki artxiboko irudi batek [aurreko orrialdean azaltzen denak] ideia emanda. 1944koa da eta bertan ikusten da San Pedro jaietan egin zuten bizikleta lasterketa bat, buruhandiak jantzita. Bitxikeria hori berreskuratu nahi izan dute.
Egunean bertan emango du izena jendeak, plazan. 16 urte beteta izan beharko dira. Karrera hau ez du azkarrenak irabaziko, motelenak baizik. Poliki-poliki ibiltzea izango da kontua, baina frenatu, hankak lurrean jarri edo atzera egin gabe. Abilenak bertako produktuez osatutako saski bat irabaziko du, baina gauza bat egongo da seguru-seguru denek irabaziko dutena: sekulako barre algarak.
Apar festaren ondoren, VII. Kantu Txapelketaren txanda izango da herriko plazan. Kuadrillaka edo banaka parte hartzen ahalko da, baina beti 16 urtetik gorakoak egonez gero taldean. Unzuetak agertu duenez, herri bazkariko kuadrillek ematen dute izena eta oso-oso giro polita sortzen da parranda eta katxondeo artean. Aurreko urteko irabazleek osatzen dute epaimahaia.
Astelehena, Euskal Jaia, izaten da anitzentzat egunik ederrena, herrikoia delako. Herri bazkariaren ondotik, bertako kuadrillek kantu txapelketa egiten dute «katxondeoz» beteta, eta, hala, giro izugarria sortzen da.
Lehenengo aldiz egingo dute sokatira txapelketa, eta Eingeinke gazte taldeak antolatutako kuadrilla arteko jokoak ere izango dira. Herrian barna hainbat proba egin eta txosnetan bukatuko dute.
Igandean estreinatuko duten «Herrixa munduan eta mundua herrixan» ikuskizunaren sortzaileetako batek, Marijo Pagaldaik, kontatu digu lanaren berri. Herrian halako zerbait egiteko gogoa zegoela sumatzen zuten eta istorio bat kontatzeko ideia sortu zen. Herriaren taupadekin hasten da: txalaparta, danborrak, kantuak... Ongietorria egiten diete beste herrietatik heldutakoei: Andaluziatik, Ekialdetik, Karibetik, Europatik... Etorritakoen herriak eta Eskoriatzakoak joan diren herriak agertzen dira. Musika tresnak nahasten dira, eta dantzak, kantuak, marrazkiak... Izan ere, kultura desberdinak eta artea ikusteko era ezberdinak elkartu nahi izan dituzte. Eta artearen bidez, jende desberdina. Argumentuari jarraituz, bakoitza libre izan da bere espazioa sortzeko. 68 lagunek osatu dute ikuskizuna, denak herrikoak, abesbatzako emakumeetatik dantzatzea gustatzen zaion jendearenganaino. «Ez gara profesionalak, eta hortxe dago grazia». Eskoriatzako toponimiako izenekin sortu dute kantua. M.I.