GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Pagatu ezin diren keinuak

Askotan zaila da inori zer oparitu asmatzea, batik bat, hura berezia edo apartekoa izan dadin nahi dugunean. Ulertzen dut nire ama benetan zer oparitu ez dakiela esaten didanean, niri ere makina bat alditan gertatu zaidalako gauza bera inoren urtebetetzeak gerturatzen direnean. Saiatuta, batzuetan asmatu izan dut eta beste batzuetan berriz batere ez.

Kontua da batzuetan gauzarik txikienak direla barruraino iristen zaizkigunak. Nire lagunek badakite, honezkero, hamaika bat alditan kontatu diedalako, ez dudala ahazten Kaxianok nire urtebetetze egunean Tolosako jaietan abestu zidaneko hura. Huskeria dirudi, baina gau hartan berezi-berezi sentiarazi ninduen hark eta horregatik gorde dut oroimenean denboraren joanean borobildutako oroitzapen hura. Testuingurua apaindu egin du nire buruak, baina egi-egia da Lizartzako abeslariak niri eskaini zidala taula gainetik «Zorionak» abesti ezaguna.

Bada, aurtengoan ere jaso dut halako sorpresarik. Egin dizkidaten gainerako opariei meriturik kendu nahi izan gabe, keinu txiki batek gogoraraziko dit, seguru asko, aurtengo urtebetetzea.

Hilabete daramat ilobak nire izena noiz ikasiko ote duen tematuta. Askoz ere hitz eta izen traketsagoak esaten ikasi duela ikusi, eta behin eta berriz errepikatu diot nire izena txikiari: «Mai-der, Mai-der...». Irribarretxoarekin erantzun izan dit orain artean eta izebei deitzeko ondo nondik atera duen ez dakidan «li» edo «litxo» hitzarekin erantzun. Urtebetetze egunean bere bila haur eskolara joandakoan ikusi orduko heldu zion belarriari. Gurasoak eta hezitzaileak enkargatu ziren txikiari egun horretan izebari belarritik tira behar ziola esaten. Fin bete zuen agindutakoa. Sorpresatxoa zeukan baina eztarrian gordeta, eta ulertzeko moduan deitu ninduen nire izenez lehen aldiz; ordaindu gabe, pagatzerik ez den keinua.

Hitz askorik gabe, txikitxoak, segundo bakarrean bada ere, berezi sentiarazten gaituzten keinuen garrantziaz helduei irakaspenak ematen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo