GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren | Idazlea

Orain badakigu

Gauzarik txarrenak borrokatzen ikasi duen herriak gauzarik ederrenak amesteko edo ametsik ederrenak gauzatzeko gai izan behar luke, atean kax- kax jo eta bere betiko etxean sartzearena, esate baterako

Sustrai Colinak «Argia»-n egindako elkarrizketan, «jendeak ez daki zer bizi izan dugun, zer falta izan zaigun, zer esperantza dugun», dio Lourdes Mendinueta errefuxiatuak. Hiru esaldi horiek burua iltzatu didate behin eta berriz, berak esaten duen moduan, jendeak ez baitaki, ez baitu imajinatu ere egiten zer den bat-batean eta korrika sorterria utzi behar izatea. Etxekoak eta lagunak atzean utzi eta ihes egin beharra. Kartzelaren itzala beti bizkarrean ibiltzea. Jendeak ez daki oro har, ez dakigu, zer den bakardade gorrian urteak eta urteak pasatzea munduaren bestaldeko bazter galduren batean. Arrazoi du, bai. Iheslariak aurpegirik gabeko silueta huts batzuk baino ez dira izan. Gure gatazka honetako ahaztuak izan dira; izen huts batzuk baino ez pankartaren gainean, beraien gordelekuetatik irten eta aurpegia eman duten arte. Izen-abizenen jabe egin diren arte. Egia dio, oso ahanzkorrak izan gara eta ez gara ohartu ere egin silueta beltz horien atzean pertsonak zeudela, bakoitzak bere erara bizi zuela erbeste hori. Bakoitzak bere premiak eta gabeziak zituela. Bere beldurrak eta ametsak.

Gatazkaren zama astuna gainean dutela ibili dira batetik bestera. Izan gabe izan nahirik. Ormarik gabeko kartzelan barreiatuak. Bere batean edo ez hain gaizki, baina beti zerbait eskas dutela. Burua beti beste nonbait dutela. Bizitzen baino bizirauten. Galdutako senide eta lagunen oroimena oroimin eginda, arantzak barrura begira dituztela. Egia da: ez dakigu zer den iheslari izatea, supituan aurrean duzun paisaia humano eta geografikoa erabat desegitea, gehien maite dituzunen begitartekoak galtzea, etxean beldurrez giltzapetua egotea. Ez dakigu iheslari izatea erraietan bete ezin den hutsune etengabe bat sentitzea dela, Lourdesek esan bezala. Gabezia existentziala dela, deserrotze baten hasiera, ez-lekutze amaigabea.

Baina orain badakizkigu haien izen-abizenak. Guztiak ez dauden arren, orain ezagutzen ditugu, badakigu nortzuk diren eta zertara datozen. Herriarekin engaiatu zirelako utzi behar izan zuten herrira datoz berriro beren engaiamendua ekarriz. Ireki nahi den abagune berriari bultzada emateko asmoz. Noraeza baztertu eta etxerako norabidea hartu dute, beraien bide-orria dute marraztu.

Testigantza ezberdinen bidez ari gara jakiten zer bizi izan duten, zer egoera jasan duten edota zer duten bihotz-begietan. Estatuek ebatsi zieten hitzaren jabe egin dira eta beren egia dakarte, beren sufrimenduaren mapa partikularra dakarte. Eta badute zer kontatua, zer gogoratua, zer aldarrikatu. Zauriak nola itxi. Ihesaldirako ibilitako bide bera hartu dute baina alderantzizko zentzuan. Lehen herritik deserrirakoa zena, deserritik herrirakoa da orain; izan ere, edozein lekutara joateko bide guztiak dira egokiak, baina heldu nahi den leku horretara iristeko bide bakarra dago, sasi zikinez betea oraingoz, baina garbitu ahala urratsez beteko dena.

Gauzarik txarrenak borrokatzen ikasi duen herriak gauzarik ederrenak amesteko edo ametsik ederrenak gauzatzeko gai izan behar luke, atean kax-kax jo eta bere betiko etxean sartzearena, esate baterako.

Haien esperantza orain gurea ere bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo