GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre | Euskara irakaslea

Barkamena eskatzea

Orain 200 urte Donostiako Bretxatik erasoa egin zuen soldadu-bateria bera etorri da gu bisitatzera. Donostiarrak erail, bortxa- tu, lapurtu eta mespretxatu zituen Lawson konpainiaren oinordekoak, alegia. Zertara etorri dira? Barkamena eskatzera? Horrela ez bada, zer interes ezkutu dute tropa sarraskitzailea gonbidatu duten horien aliatuek?

Egia da 1813ko bigarren mendeurrena ospatzen, gogoratzen eta gozatzen ari garela ekitaldi saski-naski multzo barreiatuan. Nonbait, denak balio du. Oraintxe gertatutakoak ezagutzeko dokumental bat egin, sarraskia salatu eta berehala bibaka eta goraka hartzen ditugu orduko bortxatzaile eta hiltzaileak. Ez dago mezu argi bat.

Mezu argirik ezean, ofiziala da garaile. Gasteizaldeko batailek, Gasteiz inguruetan gertatu baitziren, Espainiaren independentzia goraipatuko dute, esan gabe, horiek beraiek menpeko bihurtu gintuztela euskaldun oro. Ez al dago loturarik Araban eta Nafarroan ibili zen ejertzitoa eta Donostia erraustu zuenaren artean? Inork erlazionatu al ditu gertaera horiek?

Bisitan etortzen badira, ongi etorri. Barkamena eskatzera, egindakoa aitortzera eta adiskidetzera etorri badira, gu ez gara mendekuzale.

Boterea erakustera etorri badira, ordea, ez daitezen gure artean nahastu eta joan daitezela etorritako bidetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo