GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Peña | Orkestra-ko ikertzailea eta Deusto Business School-eko irakaslea

Ba al dugu kemen nahikorik egoera honi agudo buelta emateko?

Ideia berritzaileak (asmakuntzak) merkaturatzeko prozesu horretan, enpresa ekintzaileak lagungarriak dira, eta, jakina, ekintzaileek berrikuntza merkaturatzeko baldintza egokiak eduki behar dituzte

Dezente entzun ohi da, azken boladan, Europak bere etorkizunari buruz dituen erronka ilunen inguruan. Adituen hitzetan, Europako enpresen lehiakortasuna etorkizunera begira kezkagarria da. Berdin du Europatik at, ekialdera nola mendebaldera begiratu, beste hainbat herrialdetako enpresak gehiago eta hobeto hazten ari direla diote. Hala izango da (ez nau harritzen). Are okerrago, joera honek bere horretan jarraituko duela dirudi. Zer gertatzen ari da Europan? Eta bereziki, zer gertatzen ari da Euskal Herrian? Langabezia tasaren igoera kontrolatzea ez dugu lortzen. Eta gainera, geroz eta enpresa gutxiago (eta orokorrean ahulagoak) dauzkagu Euskal Herrian. Hain zuzen, 2008. urtetik hona, urtean enpresa gehiago ixten dira sortzen direnak baino, enpresen deskapitalizazioa eraginez. Ba al dugu kemen nahikorik egoera ekonomiko kezkagarri honi buelta agudo emateko? Beste hitz batzuetan, egungo status quo puntu honetatik irteteko bizkar gainean dugun zama handiegia al da krisialditik arin ateratzeko?

Zama handia da, nire iritzi xumean. Gure egungo egoera ez da batere samurra. Inguru gertuenean edonora begiratzen badugu, egoera ez da askoz ere hobea. Europar adituek diote, 2020. urterako Europar Batasunean batez beste barne produktu gordinaren (BPG) «ehuneko hirua» ikerketa eta garapenean (I+G) inbertitzea lortuko balitz, 3,7 milioi lanpostu berri sortu ahal izango liratekeela, eta urtean 800 bilioi euroko BPGren hazkundea izango genukeela. (Ez dezagun ahaztu, «ehuneko hiruaren» helburu horrek 2010. urterako dagoeneko beteta egon behar zuela, aspaldiko Osloko hitzarmenaren arabera!). Hori lortzea ongi legoke (2020ra itxoin gabe), baina erronka zailak nonahi eta edozein tankerakoak aurki ditzakegu: aurrekontu publikoen murriztapena, gertatzen ari diren aldaketa demografikoak, klima- tikoak, energia eta baliabide eskasia, enpresen arteko geroz eta nazioarteko lehia handiagoa, eta abar. Egoera ukaezin honi aurre egiteko irtenbide berriak eta berritzaileak behar ditugu.

Alor publikotik, Europako erakundeetatik datorkigun erantzun bat «Europe 2020 strategy» da, berrikuntzan oinarritutakoa. Zehazkiago, gomendioetako bat, espezializazio adimenduneko estrategiak diseinatu eta gauzatzea izango litzateke («regional innovation for smart specialization strategies», RIS3). Zientzia eta gizartea uztartzeko helburuarekin, agente ezberdinen artean lehentasunak azpimarratuz berrikuntzarako elkarlana sustatzeko asmoa daraman ekimena da. Alor publikotik datorren urrats honek, jada, gutxienez bi erantzun jaso ditu Europako bazterretatik. Batetik, agintari eta teknikari publikoek erronka honi aurre egiteko maila nahikoa erakutsi behar dute. Eta bestetik, programa publikoek ebaluazio eta jarraipen zorrotz bat behar dute, bidean zuzenketak garaiz eta ongi egin daitezen. Oraindik Euskal Herrian RIS3 estrategia gauzatuta ez badago ere, ez genuke bazter honetan ez entzunarena egin beharko, eta ahots kritiko hauek arretaz entzun beharko genituzke.

Alor pribatuan ere, bada zeregin franko. Ezohiko arazoetatik irteteko, ezohiko irtenbideak behar omen dira. Horrek guztiok postura berritzaile bat hartzera behartzen gaitu. Eta herri honetan, hori zaila da. Erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) berrikuntza plana diseinatzea eta gauzatzea garrantzitsua denik ez dut ukatuko. EAEn azpiegitura zabal eta konplexua dugu horretarako, hain zuzen.

Baina, ohar txiki bat erantsi nahiko nuke. Berrikuntzarako erabiltzen diren baliabideak eta diru-laguntzak zertan gauzatzen dira? Zer-nolako berrikuntzaren ustiapena dugu alor pribatuan? Nork erosten digu berrikuntzan egiten dugun ahaleginaren emaitza? Merkatuak nola erantzuten dio gure berrikuntzari; alegia, berrikuntzan inbertitu dena merkatuan berreskuratzen al da (merkatuan etekin nahikorik lortzen al dute gure berrikuntzako emaitzek)?

Ideia berritzaileak (asmakuntzak) merkaturatzeko prozesu horretan, enpresa ekintzaileak lagungarriak dira, eta, jakina, ekintzaileek berrikuntza merkaturatzeko baldintza egokiak eduki behar dituzte. Baina ba al dugu ekintzaile (berritzaile) nahikorik? Euskal Herrian ekintzaile gehiago eta hobeak izateko egungo baldintzak egokiak al dira? Ostegunean, ekainak 27, argitaratutako Orkestraren EAEko Lehiakortasunari buruzko IV. Txostenak datu batzuk eskaintzen dizkigu horren guztiaren harira: ekintzailetasunak azkenaldi honetan behera egin du; 2009. urtetik hona urteko %3,6 enpresa gutxiago dauzkagu (ixten diren enpresen kopurua, sortzen direnena baino altuagoa baita), eta orokorrean, enpresa handiarazteko eta atzerriratzeko prest dauden ekintzaileak oraingo koiunturan geroz eta gutxiago dira.

Enpresa beteranoen ahaleginaz gain, enpresa berriena ere behar dugu oraingo krisialdiaren status quo honetatik ahalik eta lehenen irten ahal izateko. Ekintzaileen garrantzia eta enpresa berriak sortzeko testuinguru eraberritu baten beharra begi bistakoa da. Joan den urteko ekainean, EAEn ekintzailea eta enpresa txikia laguntzeko legea kaleratu zen (Estatu mailan lehena, nik dakidanez behintzat). Europan ere, aurtengo urtarrilean «Entrepreneurship 2020 Action Plan» atera berri da. Laster, hemen bertako erakundeetatik «Plan Euskadi de Sociedad Emprendedora» (PESE) berria abian ipiniko da. Neurri horiek guztiak inoiz baino ongi etorriagoak dira. Neurriok, ordea, ongi ezarri behar dira orain.

Ekainaren 27an, Orkestrak Deustuko Unibertsitatean (Bilbon) antolatutako Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean, gai hauei buruzko hausnarketa egin zen. Edonola, hasierako galdera berriro mahai gainean ipiniz: kemen nahikorik bai? «Bai, noski» erantzutea nahiko nuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo