Gidari guztiek izango dute Gipuzkoako bidesarietan 25 euroko gehienezko muga
Gipuzkoako gidariek egun bidesarietan duten 25 euroko gehienezko muga beste herrialdeetako gidariei ere zabalduko die Aldundiak. Hala azaldu zion atzo Larraitz Ugartek Nafarroako Sustapen kontseilariari.
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoara sarri bidaia egiten duten beste herrialdeetako gidariek gehienez hilean 25 euro ordainduko dituzte. Hori iragarri zuen atzo Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako arduradun Larraitz Ugartek, Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarraluquirekin bildu aurretik.
Orain arte, gipuzkoar gidariek bakarrik ordaintzen zuten gehienez 25 euro hilean egun bidesaria duten errepideetan. Arkupe sistema martxan jartzen denean gainerako herrialdeetatik Gipuzkoara joaten diren gidariek ere muga hori izango dute. N-I, N-121-A eta A-15 errepideetan ezarriko da Arkupe sistema.
Gaur egun AP-1 eta AP-8 autobideetan ezarrita dago gipuzkoarrentzat gehienezko kopuru hori. Ugartek prestatu duen errepideak finantzatzeko foru arauan, berriz, Arkupe sistemako errepideetan ohiko erabiltzaile guztiek hilean gehienez 25 euro ordaintzea proposatzen da.
Gipuzkoarrei dagokienez, aurrekontuetako diru-laguntza bidez doako izaten jarraituko luke, eta gainerakoek gehienez 25 euro ordainduko lukete hilean Gipuzkoako errepideetan sarri ibiltzen diren ibilgailu arinek.
Gipuzkoako Aldundiak proposamena landu du, baina orain gainerako herrialdeetako ordezkariekin ere hitz egitea beharrezkoa dela uste du. Hori dela eta, bildu zen atzo Ugarte Zarraluquirekin.
Gipuzkoan bidesariak jartzeko egitasmoa gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuak, herrialde honetako gidarien kontrako neurria delakoan. Ipar Euskal Herrira joateko Gipuzkoan bidesari berriak ordaindu beharra ez du gustuko Nafarroako Gobernuak, batez ere A-15 autobidea elkarlanean eraiki zutelako eta N-121-A errepideko Gipuzkoako tartea Nafarroak eraikitakoa delako.
«Proposamena modu erabat irekian planteatzen du Aldundiak; hau da, eskaintzeko duena zer den adierazi eta beste erakundeek egiten dituzten proposamen eta ekarpenak entzuteko eta aztertzeko prestutasuna adieraziz», azaldu zuen Gipuzkoako Aldundiak ohar batean.
Bileraren ondoren Ugartek esan zuenez, finantziazio sistema berriaren helburua Gipuzkoako errepide sarea ordaindu ahal izatea da, «egungo sistema eutsiezina baita».
Zarraluquik Gipuzkoako Aldundiaren arrazoiak ulertzen dituela adierazi zuen, baina gisa honetako neurri bat hartzeko koordinazioa beharrezkoa dela gaineratu zuen. «Bestela, sortzen den egoera kaotikoa da», gaineratu zuen.
Hori dela-eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak eta Nafarroako Gobernua biltzea komeni dela uste du Zarraluquik. Hala ere, bilera horretan Estatu espainoleko ordezkariak ere izan beharko liratekeela nabarmendu zuen, «bidesariak jartzea Estatu mailan egiten den zerbait delako».
25 euroko gehienezko mugaren gainean, Zarraluquiren esanetan, «gidarien artean diskriminazioa egitea legezkoa den ala ez» aztertu beharko da.
Hilaren 17an Arabako Garraio diputatu Alicia Ruiz de Infanterekin biltzekoa da Larraitz Ugarte, Gipuzkoako bidesarien sistema berriaren gaineko azalpenak emateko helburuarekin.
Zarraluquik eta Ugartek berriro biltzea adostu zuten, azken honek Arabako eta Bizkaiko arduradunekin dituen bileren ondoren. Bidesariez ez ezik, garraio publikoa indartzearen beharraz ere aritu ziren atzo.