Presoen aldeko aldarrikapenari eutsiko diotela esan dute Gipuzkoako lau alkatek
GARA | DONOSTIA
Alegia, Astigarraga, Oiartzun eta Urretxuko alkateek iragarri zutenez, euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapenak mantenduko dituzte. Adierazi zutenez, udaletxeetako fatxadetan presoen banderolak egoteak legea betetzea baino ez du eskatzen eta horrek ez du udalaren «neutraltasun politikoa» urratzen.
Donostiako epaitegi batek lau udaletxe hauei fatxadatik banderolak kentzeko agindua eman zien, baina Urretxuko alkate Oihane Zabaletak, Astigarragako alkate Andoni Gartziak eta Alegiako alkate Unai Iraolak sententzia ez dutela beteko jakinarazi zuten atzo, lau udalen izenean.
Akordioaren ondorio
Hiru alkateek gogora ekarri zutenez, udalbatzaren erabakiari jarraiki jarri zuten euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen banderola, eta, beraz, «udalak demokratikoki hartutako erabakiak izan dira kasu guztietan».
«Ez dugu bat egiten auzitegiaren erabakiarekin -argitu zuten-. Euskal presoen eskubideak aldarrikatzean, gaur egun indarrean dagoen legedia bete dadila besterik ez dugu eskatzen. Udalak demokratikoki onartutako erabakia izanik, eta presoen eskubideak aldarrikatzen direla kontuan hartuta, indarrean dagoen legedia betetzeko eskatzea ez dugu inondik inora «neutraltasun politikoaren» urraketa denik uste.
Alkateek, bestalde, Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariak azken hilabeteetan izan duen jarrera salatu zuten. «Urquijo bere karguaz baliatzen ari da, ez dagokion eremuan sartzeko, instituzioen autonomia zanpatzeko eta ukazioaren eta immobilismoaren aldarrikapena egiteko. Konponbidearen aldeko jarrerak bultzatzera pasa dadila eskatzen diogu», nabarmendu zuten.