Donostiaren setioaren gainean ikerketa sustatzeko ikastaroa
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Donostiaren suntsiketaren eta berreraikitzearen bigarren mendeurrena ospatzen dela aitzakia hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateak 1813. urteko testuingurua aztertzen duen udako ikastaroa jarri du martxan. Fito Rodriguez irakasleak gidatuta, «Napoleon garaiko gerrak eta 1813ko Donostiako suntsiketa» ikastaroak historia eta mitoak astintzea du helburu, honela ikerketarako guneak sortzeko eta aurrerantzean dauden ilunguneak argitzeko aukerak egon daitezen.
Fito Rodriguezez gain, beste hainbat profesional ere izango dira euren ikuspuntua plazaratzen, eta guztion artean ondorio berriak ateratzen saiatuko dira. Hala nola, bertan izango dira Xose Estevez Deustuko Unibertsitateko irakasle ohia, Aranzadi Elkarteko Iñaki Egaña historialaria eta Paco Etxeberria medikua, baita Nabarralde Ikaskuntza Elkarteko Angel Rekalde ere.
Azken honek, ikastaroaren aurkezpenean, adierazi zuen horrelako gertaeretan militarismoa azpimarratzeko joera dagoela, duela bi aste ospatu zen Gasteizko Batailaren berrehungarren urteurrenean bezala, non soldaduak ziren protagonista. Ikastaro honekin protagonismoa herritarrei itzuli nahi diete, «gure memoria propioa izateko».
Bestalde, Fito Rodriguez pozik agertu zen azken urteetan unibertsitateak prestatzen dituen ikastaro kopurua, horien aniztasuna eta euskararen presentzia nabarmen handitu delako. Kasu honetan, Donostiako Udalarekin egindako hitzarmenari esker antolatu ahal izan dute ikastaroa.