GARA > Idatzia > Mundua

Balkanetako herrialdeekin bilduz hasi da Kroazia EBko kide berri gisa

Europar Batasuneko kide bezala, Eslovenia, Serbia, Bosnia, Mazedonia, Montenegro, Kosovo eta Albaniako presidenteekin bildu zen atzo Kroaziako presidente Ivo Josipovic. Beraien arteko harremanak hobetzeko eta Bruselarako bidean elkarri laguntzeko asmoz elkartu ziren.

p021_f01_148x100.jpg

GARA | ZAGREB

«Uztailaren 1ean, perspektiba berri bat zabaltzen da guretzat, mundu berri bat dugu gure aurrean», nabarmendu zuen Kroaziako lehen ministroak, Zoran Milanovic-ek, Legebiltzarrean. Europar Batasuneko kide bihurtu izana txalotu zuten askok igandean Zagreben.

«Ez dezagun utzi krisiaren itzalak gure baikortasuna itzaltzerik. Krisia erronka bat da, biharko eguna gaurkoa baino hobea izateko gonbidapena da», adierazi zuen igandean Ivo Josipovic presidente kroaziarrak. «Kroazia Europako bihotzean merezi zuen lekura itzuli duzue», plazaratu zuen Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Barrosok.

Su festak argitu zuen zerua igande gauean hiriburuan. 680 artistak esku hartu zuten ikuskizunetan. Segurtasuna ere nabarmena izan zen. 1.100 polizia jardun ziren lan horretan; izan ere, Gobernu etxean nazioarteko 170 gonbidatu zeuden, horien artean, Jugoslavia ohiko sei errepubliketako lehen ministroak. Estatu frantsesak, Alemaniak eta Erresuma Batuak ez zuten goi mailako agintaririk bidali.

Modu sinbolikoan, Esloveniarekiko mugaz ohartarazteko jarrita zeuden kartelak kendu zituzten. Jugoslavia osatu zuten errepubliketatik, Eslovenia izan zen Europar Batasunean sartu zen lehenengo herrialdea, 2004an, 90eko hamarkadan izan ziren gerren ondotik. Aldi berean, Europar Batasunaren kartela zintzilikatu zuten Serbiako mugan.

Kroaziar askorentzat, ordea, egungo krisi ekonomikoa dela-eta, EBko kide izatea onerako baino txarrerako izango da. Duela gutxi egindako inkesta baten arabera, zazpi herritarretatik batek bakarrik uste zuen ospatu beharreko lorpena zela.

Duela hamar urte, kroaziar gehienak EBra batzearen aldekoak ziren, gerrak kolpatutako iraganarekin apurtu nahian. Baina, negoziazioen gehiegizko luzapenak eta Bruselak egindako exijentziek gogo hori hoztu egin du urte hauetan.

EBko kide gisa, Josipovic Eslovenia, Serbia, Bosnia, Mazedonia, Montenegro, Kosovo eta Albaniako presidenteekin bildu zen atzo, Balkanetako herrialdeetako atxikimendua bultzatzeko eta horiei laguntzeko.

Kroazia eta Eslovenia izan dira bilkuraren sustatzaileak. Serbiak datorren urtean hasiko ditu negoziazioak. Kosovorekin Elkartze eta Egonkortze-hitzarmena sinatzeari ateak zabaldu dizkio Bruselak. Montenegrok ekainean hasi zituen. Adituen ustez, zailtasun handienak Bosnia-Herzegovinak eragingo dituela ohartarazi zuten.

artur mas

Generalitateko presidente Artur Masek Europar Batasuna «nazio txikiei» zabaltzearen alde egin zuen, Katalunia adibide gisa aipatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo