HARRI-JASOTZEA Gipuzkoako finala
Irigoienek bere agintea indartzen jarraitzen du
Errezildarrak aparteko arazorik gabe eskuratu zuen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa. Bigarren posturako lehia handia izan zuten Izeta III.ak eta Izeta IV.ak, baina zaharrena nagusitu zen azkenean.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun Gipuzkoako Harri Txikien Harri-jasotze Txapelketa. Errezildarra zen irabazteko faborito nagusia, eta garbi zegoen berari zerbait gertatu ezean, beretzat izango zela txapela. Horrelaxe izan zen. Aimarrek zazpi jasoaldiko eta 825 kiloko aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zen Izeta III.ari.
Guztira, lau harri-jasotzaile lehiatu ziren, eta bakoitza hiru harrirekin aritu zen lanean. 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili zituzten. Lanerako, berriz, hiru minutuko txanda bana izan zuten harri bakoitzarekin.
Irigoienen nagusitasuna erabatekoa izan zen, hiru harriekin jaun eta jabe izan baitzen. Zilindroa izan zen erabili zuten lehen harria, eta errezildarrak hor ekin zion garaipenerako bidea egiteari. Harria 32 aldiz berdindu zuen bizkarrean. Ondoren, Izeta III.a eta Izeta IV.a berdinduta geratu ziren, bakoitzak harria 28 aldiz jasota. Horrela, garbi geratu zen bien artean bigarren posturako lehia handia izango zela.
Urtzi Telleriak, aldiz, 23 aldiz jaso zuen zilindroa. Horrekin sailkapeneko azkeneko postuan geratu zen lehen harriaren ostean, eta garbi zegoen, zaila izango zuela hortik ihes egitea. Hala, amaieran horrelaxe gertatu zen, Urtzik azkenengo postuan amaitu baitzuen Gipuzkoako finala.
Erabili zuten bigarren harria kubikoa izan zen, eta Aimar Irigoienek aldeak gehitu egin zituen, 22 jasoaldi lortu baitzituen. Atzetik, berriro ere berdinduta geratu ziren Izeta III.a eta Izeta II.a, 20 jasoaldirekin. Telleria II.ak eman zituen gutxien, 15 lortu baitzituen.
Txapelketa amaitzeko harri bakar bat falta zen, eta bazirudien lehen eta azken postua erabakita zeudela, baina bigarrena oraindik erabakitzeko zegoen, Izeta III.a eta Izeta VI.a berdinduta baitzeuden.
Bolarekin ere Aimar Irigoien izan zen nagusi, guztira 26 jasoaldi egin zituen eta txapela erabakita utzi zuen. Harri honekin Izeta III.a sailkatu zen bigarren; 25 jasoaldi eginda sailkapeneko bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarren Izeta IV.a izan zen 22 jasoaldirekin, eta azkena Telleria II.a geratu zen, bola 20 aldiz bizkarrean berdinduta.